2017ko azken hilabetean aldaketak egon dira Bilbao Basketen barruan eta, apurka bada ere, egoera hoberantz doa. "Errurik" gehien nork duen sakon aztertu barik (ez zait bidezkoa iruditzen meritua pertsona bati soilik ematea; txarrerako ere ez), kantxan beste itxura bat erakutsi dute beltzezko gizonek, ligan bederen.
Eurocupen, bigarren urtez jarraian, lehenengo fasean talde bilbotarrak agur esan dio txapelketari, eta ikusi beharko da Eurocupeko antolatzaileek datorren denboraldian beste behin gonbidapena luzatuko dion Miribillako taldeari (arrazoietariko bat, astearte edo asteazkenetan 4.000 zale baino gehiago Bilbao Arenan biltzea zen). Denboraldi erdia baino gehiago gelditzen den honetan, lehiak prestatzeko aste oso bat edukitzeak ondo datorkio Mrsicek gidaturiko taldeari. Ez akatsak zuzentzeko soilik, baita atseden hartzeko ere, Eurocupen barruan egin beharreko bidaia batzuk luzeak eta astunak suertatzen baitira.
Garrantzitsuena den txapelketan buru-belarri ibiliko dira beltzezko gizonak maiatzaren 24a heldu bitartean. Indar guztiak ligan jarri behar dituzte helburua lortzeko, mailarik gorenean jarraitzea alegia. Horretarako, topikoak esaten duen moduan, etxeko norgehiagokak irabaztea hil ala bizikoa izaten da.
Hauek dira Bilbao Arenara bisitan etorriko diren taldeak: Joventut, Obradoiro, Fuenlabrada, Gipuzkoa Basket, Betis, Tenerife Kanaria Handia, Andorra, Baskonia eta Murtzia. Pausoz pauso egiten da bidea eta "Penya" aurkari zuzenari igande honetan gailentzea funtsezkoa suertatzen da jaitsiera postuetatik aldentzen hasteko. Final kutsua duela esatea gehiegizkoa litzateke, asko geratzen delako denboraldia bukatzeko.
Azkenengo bi garaipenak marea beltzaren aurrean Estudiantes eta Unicajaren kontra lortu ziren, biak ala biak nahiko sufrituta (andaluziarren aurkakoa batez ere). Gakoa, defentsako tentsio altua izan zen. Kantxaratutako jokalari guztiek barnean zuten guztia (edo gehiena) atera zuten Bilbao Basket osatzen duten orori poztasun apur bat emateko eta, sailkapeneko beheko postuetan dagoen estutasuna ikusita, alarma gorria ez pizteko balio izan zuten garaipen bi horiek.
Kanaria Handiaren kontrako norgehiagokan, (eta talde madrildarraren aurka Andorraren kontra jokatutakoan ere), azken minutuetako detaile txiki batzuengatik galdu baziren ere, lehiakortasuna erakutsi zuten beltzezko gizonek. Bide hori jarraituz gauza positiboak lortuko dira.
Babesle berri bat
Volotea konpainia Bilbao Basketen babesle izango da. Europako hiri txiki eta ertainak lotzen dituen aerolinea 2018-2019 denboraldia bukatu arte sinatu du eta jokalariek berotzeko erabiltzen dituzten kamiseten atzekaldean agertuko da enpresaren izena. Diego Saenz (Bilbao Basketeko Zuzendari Nagusia) eta Iñaki Aguirrek (Voloteako Finantzetako Zuzendari Nagusiak) Unicajaren aurkako partiduaren atarian egindako prentsaurrekoan akordioa sinatu zuten.
Zaleengana hurbiltzeko ekimena
Urtarrilaren 3an Bilbao Basketek ateak irekita egin zuen entrenamendua nahi zuenak beltzezko gizonen lana zuzenean ikus zezan. Eta ekimena arrakastatsua izan zela esan daiteke Miribillara 1200 zale hurbildu baitziren. Familia giroa sortu zen asko eta asko ume gazteak zirelako. Hurbildu zirenek taldearen posterra jaso zuten eta saioa bukatuta beltzezko gizonak autografoak sinatzen ibili ziren. Sare sozialetan (Twiterren batez ere) ekimea txalotzen zuten mezuak plazaratu zituzten entrenamendua zuzenean ikusi zutenek eta ikustera joan ez ziren beste askok ere.