Gotorlekua berreraikitzen

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2018ko urt. 16a, 21:20

Denboraldiko norgehiagokarik serioena jokatuta, aise gailendu zitzaion Bilbao Basketek Joventut taldeari (99-74)

Estatistikei erreparatuz errez labur daiteke pasa den igande eguerdiko lehia: sei jokalari hamar puntu baino gehiagorekin (17 Redivok; 14na Thomasek eta Tabuk, belgikarrak gainera 6 erreboterekin eta 6 asistentziekin; 12 Fischerrek eta 11na Todorovicek eta Mumbruk), soilik 9 baloi galdu zituzten, Joventutek 6 erasoko errebote bakarrik hartu zituen... denboraldiko partidurik serioena jokatu zuten beltzezko gizonek "Penyaren" kontra eta talde katalanetik aldentzea lortu du, bi garaipenera jarri dira.

Marea beltza osatu zuten 8.640 zaleek lasai ikusi aha izan zuten azkenengo laurdena, lehia lehenengo 30 minutuetan Mrsicen jokalariek norgehiagoka erabakita utzi baitzuten. Hamaika izan dira azkenengo minutuetan erabakitako lehiak, tentsioa azkenengo segundura arte puri-purian. Zelako lasaitua igandekoa elektronikoak etxekoen alde handitzen zen heinean 15-0ko partzial batekin lehenengo zatian eta 20-0ko beste batekin bigarrenean. Aurkariek ez zuten bilbotarren jokoa gelditzeko errekurtsorik. Bilbao Basketek Joventuten defentsa behin eta berriz apurtzen zuen, urakana bailitzan, puntuak pilatzeko eta defentsan izugarrizko intentsitatea erabili zuten aurkaria ideiarik gabe uzteko.

Beste datu garrantzitsu bat aipatu beharra dago: beltzezko gizonek Miribillan segidan lortzen duten hirugarren garaipena da igandekoa. Eurocupen etxean erakutsitako maila ikusita (sei partiduetatik beste hainbeste porrot) kantxa faktorearen fidagarritasuna kolokan jartzeko arrazoiak zeuden. Estudiantesen, Unicajaren eta Joventuten aurkako garaipenekin badirudi orain dela urte batzuk zen gotorlekua berreraikitzen ari direla beltzezko gizonek. Baita harmailetan ere Paco Vazquezek Miribilla efektua izenez bataiatu zuen giroa berreskuratu dela dirudi. Bien harteko "feedback"hori, lotura hori izan da taldea mailarik gorenean mantentezko gakoa.

Eta aste bukaera honetan arratsaldeko 18:30ean (adi; ez eguerdian normalean bezela) Miribillan erreskadan laugarren partidua irabazteko aukera eta arerioa sailkapenean berdintzeko aukera du Bilbao Basketek, izan ere Obradoirok (Andorra, Gipuzkoa Basket, eta Estudiantes taldeek bezela) beltzezko gizonek baino garaipen bat gehiago du, zazpi hain zuzen ere.

 

Argazkia: Bilbao Basket/Aitor Arrizabalaga