Ezustekoak noizbehinka ematen dien arren, gehienetan logikak pisu handia du eta asteburuko partidan ez zen kontrakorik gertatu eta talde zuriak ligan erreskadan lortzen duen hamargarren garaipena lortu zuen. Azkenengo emaitzak etxeko taldea hasieratik bukaera arte norgehiagokaren jaun eta jabe izan zela ulertarazten duen arren, ez zen horrelakorik gertatu.
Izan ere, lehenengo laurdena bilbotarren aldekoa izan zen 19-21. Lasorenen lasaitasuna zela eta, edo Mrsicenen seriotasuna zela medio, gauza da inork gutxik espero zuen markagailua eman zela hasierako hamar minutuetan. Mumbru talde bilbotarraren gidaria izan zen 8 punturekin. Todorovicek hartu zuen kapitainaren lekukoa bigarren laurdenean elektronikoan 23-28a jarriaz. Alde horrek etxeko taldea suspertu zuen: 31na berdindu zuen lehenengo eta gero Carrollek hiru hiruko sartu zituen partidua apurtuz. Bilbao Basketen aldea zuriek nahi izan zuten arte iraun zuen, 18 minutu. Atsedenaldian 48-34 ikusten zen markagailuan.
Mickell Gladnessen lesioak ez dio mesede handirik egin Bilbao Basketi. Amerikarraren altuerak eta beso luzeek onurak ekartzen dizkio Mrsicen kuadrillari, arerioak kikiltzen baitira eta errebotea ixten baitu aurkarien piboten lana zailduz. Obradoiroren aurka Pustovyi zen; atzo Tavares. Kabo Berdekoak 13 puntu eta 11 errebote lortu zituen eta Carrollen 16 puntuekin batera madrildarren izarrak izan ziren. Aldagelatik pasa ondorengo bi laurdeetan ez zen Bilboa Basketentzat aukerarik egon, aldea gero eta handiago baitzen. Ligako liderrak ez zuen gupidarik izan eta sailkapenaren gorenean zergatik dauden erakutsi zuten Bilbao Basketi hogeita hamar puntuko aldearekin gailenduta, 95-65.
Arestian adierzi bezela, Mumbru eta Todorovic izan ziren bilbotarren izarrak 17na puntu lortuta. Kapitainak 3 asistentzia banatu ziuen eta serbiarrak 4 errebote lortu zituen.
Etxeko lehiek izugarrizko garrantzia izango dute txapelketaren bigarren zati honetan eta, Miribillatik pasako den hurrena Fuenlabrada izango da. Azken aldian Bilbao Arenan erakutsitako seriotasunarekin jokatu beharko dute bilbotarrek garaipena lortu nahi baldin badute.
Argazkia: ACB Photo