Hortzak estutu behar dituzte ACBn mantentzeko

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2018ko ots. 19a, 20:55

Denboraldia aurrera doa eta beltzezko gizonek asko hobetu behar dute estuasunik ez izateko.

Denboraldi erdia agortu da jada eta gauzak ez doaz batere ondo Bilbao Basketentzat. Orain gutxi Joventutek fitxatu berri duen Carkes Duran kargutik kendu zutenean, balantzea 3-6koa zen eta bederatzigarren jardunaldi horretatik hona, gauzak ez dira hobetu, izan ere, Veljko Mrsicekin 3-8ko balantzea lortu dute.

Kroaziarrarekin jokoa (defentsa batez ere) hoberantz egin duen arren, ez da momentuz nahikoa izan taldearen dinamika txarrari buelta emateko. Eta martxoa ate joka dagoenean, taldeak erregulartasuna aurkitu beharko luke lehen bait lehen.

Hamalau jardunaldi gelditzen dira ligako fase erregularra bukatzeko eta azken orduko estuasunak ekiditzeko, garaipenak lortzea hil ala biziko kontua izango da. Ligak bi asteko etenaldia du (Bartzelonak irabazi duen Koparako lehenengoa; Eurobasketera sailkatzeko lehiak bigarrena) eta denbora honetan finaltzat hartu ahal den Gipuzkoa Basketen aurkako derbia lasai eta patxadaz prestatzeko balio beharko luke.

Porfi Fisacek zuzendutako taldeak beltzezko gizonek baino bi garaipen gehiago ditu, eta martxoaren 4ko eguerdian Miribillan jokatuko den lehia galduz gero, bilbotarrak sailkapeneko zuloan bete-betean sartuko lirateke.

Aurreko urteetako denboraldiak ikusita, iaz 11 garaipen behar izan zituen Joventutek jeitsiera ekiditzeko; orain dela bi denboraldi Manresak 10 behar izan zituen onenen artean lekua mantentzeko; 2014-2015 denboraldian talde kataluniarrak garaipen bat gehiago behar izan zuen... 11-12 norgehiagoka gitxienez irabazi behar dira LEB ligan ez jokatzeko. Hamalau final geratzen zaizkie beltzezko gizonei eta horietatik, zenbakiei erreparatuta, orain arte lortutako garaipen kopurua lortu beharrean daude bilbotarrak martxoaren 4tik. maiatzaren 24ra arte.

Oraindik ez da alarma gorria piztu; dinamika aldatzeko denbora dagoelako.

Argazkia: Bilbao Basket/Aitor Arrizabalaga