Igande honetan liga itzuliko da eta beltzezko gizonek denboraldian zehar gutxitan erakutsitako erregulartasuna eta indarra (psikologikoa batez ere) erakutsi behar dute, azken txanpa honetan estuasunetatik ahalik eta lasterren alde egiteko. Talde bilbotarraren Kirol Zuzendaritzak, txapelketa geldi egon den bi asteko tarte honetan, sendotasuna lortzeko aldaketak egitea onena zela pentsatu du eta, hortaz, joan etorriak egon dira azkenengo egunotan.
Nikola Rebic izan da lehenengo fitxaketa. Joko antolatzaile serbiarrak 23 urte ditu, 1’88 metroko altuera eta Kirol Zuzendaritzak adierazi duenez “kantxaren bi aldeetan izaera agresiboa du Rebicek. Gaztea izan arren, esperientzia handikoa da Europa mailan”. Bere kurrikulumean, Belgradoko Izar Gorrian hiru denboralditan zehar jokatu zuela nabarmendu behar da.
Oraindik ofizial egin ez den arren, serbiarraren etorrerak Ricardo Fischerren agurra suposatzen du. Brasildarrak ez du espero zen maila eman, nahiz eta liga hasiera txukuna egin. Joko antolatzaileak bi urteko kontratua zuen eta ikusi beharko da noiz helarazten duen Bilbao Basketek jokalariaren agurra.
Ghanan jaioa, Benjamin Bentil da beltzezko gizonen bigarren fitxaketa. 2’06ko garaiera du eta zonakako jokoa indartzeko dator. Afrikarrak, printzipioz, 4ko postuan jokatzen du eta, hortaz, Hervelle-i atseden emango dio belgikarrak premia duenean. Hori bakarrik ez, jokalari berriaren etorrerak Mrsicen planteamenduak alda ditzake, Mumbru bere ohiko hegaleko postura bueltatu daiteke eta horrek, era berean, Hamminkek kantxan dituen minutuak murriztu ditzake (suposaketa besterik ez da).
Bentilen fitxaketak beste aldaketa bat ekarri du, konfirmatuta hau. Vasilije Vucetic Urrezko LEB ligako Iraurgi taldera joango da utzita, bertan egoera berdinean dagoen beltzezko gizona den Aitor Zubizarretarekin topo eginez.
Rebic eta Bentil prest daude igandean Gipuzkoa Basketen aurkako lehia jokatzeko. Donostiarren kontrakoa, beltzezko gizonek jokatu behar duten lehenengo finala da. Hil ala bizikotzat jo daiteke euskal derbia, irabazita beheko postuak aldentzeko aurrerapausua litzatekeelako. Lehia eguerdiko 12:30ean hasiko da Miribillako Bilbao Arenan.
Argazkia: Bilbao Basket