Askotan errepikatzen den topiko bat da, baina gehienetan getatzen den bezela, egia da: norgehiagokak 40 minutukoak dira eta bere osotasunean lehiatu behar dira. Joan den igande eguerdiko norgehiagokako bigarren zatian etxeko taldea lehiakor agertu zen (adore gehiago erakutsiz joko ona baino, hori bai), baina lehenengo bi laurdeneko irudia oso kaxkarra izan zen.
Partidu hasierako lehenengo jokaldian Gladness gipuzkoarren uztaia birrintzera joan zen, baina baloiak eskutik ihes egin zion, teorian errazak diren jaurtiketak (oposizio barik) huts egiten zituzten Mrsicenek... eta konturatu orduko elektronikoak 0-10ekoa erakusten zuen. Bilbotarren jokoak ez zuen ordenik, paseak ez ziren batere garbiak eta hasierako jaurtiketak ez baziren sartzen, gipuzkoarren defentsaren intentsitatea igo zenean, saskiratzeak lortzea oso garesti zegoen. Lehenengo hamar minutuak 14-22ko markagailuarekin bukatu ziren, alde apurra kantxan ikusten zena kontuan hartuta.
Bigarren lardenak gidoi berak jarraitu zuen: Fisacen mutilak partiduaren jabe ziren bi aldeetan, erasoan joko eraginkorra erakutsiz eta defentsan Mrsicen mutilen jokoa behin eta berriz ezeztatuz. Gauzak horrela, atsedenaldira kanpotarrak hamabi puntuko alde erosoarekin joan ziren (28-40).
Nahiko berandu atera ziren beltzezko gizonak hirugarren laurdena hasi eta aurreko jaurtiketa saioa egitera. Asko zegoen hobetzeko eta, seguraski, denbora luzez hitz egin zuten bai entrenatzaileak bai jokalariek ere. Ziurra da, hori bai, beltzezko gizonak beste indar batekin kantxaratu zirela. Jokoa ez zen beste munduko gauza izan, baina jaurtiketak (hirukoak batez ere) sartzen hasi ziren. 6'75 metroko marratik jokatzea erabaki zuten etxekoek eta, Mumbru eta Redivo izan ziren puntuak urrunetik pilatu zituztenak azken hamar minutuak hasi baino lehen markagailuak berdinketa erakusteko (55na).
Lehenengo hogei minutuetako jokoa ikusita, bizirik iritsi zen Bilbao Basket azkeenko laurdenera; partidu berria hasi zen. Baina saskiratze trukeak ez zion mesederik egin. Horrek eta barruko jokoari uko egiteak (urruneko jaurtiketek aurreko laurdenean onura egin zionez, zergatik aldatu). Azkenengo minutu zoroak izan ziren, erabaki txarrak hartu ziren... irabazi beharrak sortzen duen antsietatearen erruz agian. Mumbruk ez zuen norgehiagoka luzapenera eramango zukeen hirukoa sartu eta gipuzkoarrek lasaitasuna ematen dien garaipena A-8aren beste aldera eraman zuten (71-74).
Orokorrean 11 jaurtiketa libre huts egiten dituen talde batek ez du partidua irabazten. 21tik 10 bakarrik sartu zituzten Fisacen mutilek, baina halere garaipena eskuratu zuten, jokoan garrantzitsuak diren beste arlo batzuetan hobeak izan zirelako: bilbotarrek baino 12 errebote gehiago sartu zituzten (28-40: erasokoak 17, ia erdia), zazpi baloi gutxiago galdu zuten (17-10) eta, batez ere, biko portzentaia hobea izan zutelako (44/23, %52; bilbotarrek 42/10, %42). Etxekoen hiruko portzentaia altuak (26tik 13) ez zuen ezertarako balio izan.
Beltzezko gizonen artean Redivo eta Mumbru nabarmendu ziren 18 eta 15 puntu lortuta hurrenez-hurren. Biek ala biek launa hiruko sartu zituzten (argentinarrak zazpi jaurti zituen; kapitainak bat gehiago). Javi Salgadok ligan 450. lehia jokatu zuela ere aipatu behar da. Santutxuko joko antolatzaileak 3 puntu, 4 errebote eta 2 asistentziekin joan zen etxera. Rebic eta Bentil fitxaketa berriek bere lehenengo minutuak izan zituzten elastiko beltzarekin.
Gipuzkoarren artean, Norel, Clark eta Chery izan ziren onenak: Lehenak 18 puntu eta 6 errebote lortu zituen; beste biek 15na puntu.
Hemendik aurrera zer?
Denboraldiak aurrera darrai, baina dinamika ez da aldatu. Urtean zehar egindako aldaketek ez dute espero zen emaitza ekarri eta denboraldi erregularra bukatzeko 13 jardunaldiren faltan, beltzezko gizonek jaitsiera postuetatik garaipen bakarreko aldea dute. Arestian aipatu moduan, antsietatea ageri da Mrsicen mutilen artean; aspaldi lortu zen azkenengo garaipena. Sailkapenaren beheko postuak horrela daude: Joventut historikoak 4 garaipen ditu azkenengo postuan (egoera larrian dago Penya; jarraitu edo desagertzea erabakitzeko Batzar Nagusia dute laster Badalonan); azkenaurreko postuan Betis 5 garaipenekin, eta andaluziarren gainetik Bilbao Basket eta Burgos agertzen dira berdintuta.
Bihar arratsaldeko 18:00etan Fontetan lehiatu beharko dira Mrsicenak, baina ez dirudi Vidorretak zuzendutako taldea areriorik egokiena garaipenaren bidea berreskuratzeko. Ez du esan nahi biharkoan talde "taronjaren" aurka lehiatuko ez dutenik, baina logikak porrot batekin bueltatuko direla dio. Ea duintasunez den.
Datorren hilaren 18ko norgehiagoka FINALA da, letra larriz idatzia. Izan ere, Betis hartuko du Bilbao Basketek Miribillan. Joan den asteko lehia garrantzitsua baldin bazen, honako hau hil ala bizikoa suertatzen da. Lehen itzuliko partiduan 86-94 nagusitu ziren beltzezko gizonak eta, nahiz eta porrota aukera bat ez den, zortzi puntuko basket-average hori kontuan hartu beharra dago.
Ordainketa arazoak
Diego Saenz Bilbao Basketeko zuzendari nagusiak bi hilabeteko zorra aitortu du jokalarien ordainketetan. Egoera puntual bat dela azaldu du, diru-fluxuko arazo bat dela, eta laster konpontzeko bidean daudela. "Jokalariak egoeraren jakitun dira eta, ulerkor agertu dira, euren babesa eta pazientzia erakutsiz".
Gauzak horrela, martxoaren 18koa gorriz markaturiko data da. Hortik aurrerako guztia oso urrun dago. Marea beltzaren babesa izango dute beltzezko gizonek (ia 9.400 pertsona bildu ziren euskal derbia ikusteko). Egoera txarrak lehenago ere pairatu ditu taldeak eta aurrera atera ditu. Oraingoan ez da zertan desberdina izan behar.