Iganderako prestaketan buru-belarri aritu behar dira

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2018ko mar. 13a, 08:41

Argazkia: ACB Photo

Nahiz eta Bilbao Basket lehenengo minutuetan lehiakor aritu, Valentziak aise irabazi zuen norgehiagoka (87-67).

11-14 goitik joan ziren beltzezko gizonak partiduaren 6. minutuan, baina hor bukatu ziren indarrak eta baita talde Taronjaren erlaxazioa ere. Txus Vidorretaren mutilek sailkapenaren goiko postuetan jarraitu nahi dute play-offetako lehenengo fasean (final laurdenetan alegia) kantxa faktorea eskuratzeko, eta Fernando San Emeterioren gidaritzapean, ez zuten bilbotarren gupidarik izan hogei puntuko diferentziarekin gailentzeko.

Talde baten eta bestearen ibillbidea ikusita, apostuak nabarmen egiten zuten etxekoen alde; baita logikak ere. Egungo txapelduna den Valentzia Basket talde sendoa da eta, nahiz eta pasa den denboraldiko entrenatzailea aldatu (gaur egun Baskonian dagoen Pedro Martinez) eta, soberan jakingo duzuen bezala, Bilbao Basketen bederatzi denboralditan ibilitako Txus Vidorreta fitxatu eta "rosterrean" aldaketa bat edo beste eginda, taldeko bizkarrezur diren Martinez, San Emeterio, Dubljevic eta Vives mantendu dituzte. Esan beharrik ez dago, finantza kontuetan ere dagoen aldea nabarmena dela.

Atzoko norgehiagokara bueltatuz, hasierako 5-6 minutuetan talde bien arteko diferentzia ez zen antzeman; zalantza barik, ustekabekotzat har daiteke Veljko Mrsicen mutilek elektronikoan aurretik egoteak. Arestian aipatu moduan, aldea urria bazen ere (hiru puntu) beltzezko gizonak markagailuaren jabe ziren... etxekoak serio jarri ziren arte. Aitaren batean, 22-14 jarri ziren (horrela bukatu zen lehenengo laurdena) eta, behin erritmoa hartuta, ez zuten partiduaren lidertza galdu. Partidu oso ona jokatu zuten Todorovicek eta Bentilek; bizirik mantendu zuten Bilbao Basket, lehia apurtzeko bidean zela. Atsedenaldian aldeak ez zuen hamar puntuko hesi psikologikoa gainditzen (41-32).

Atsedenalditik bueltan, etxekoek intentsitatea igo zuten eta lau minututan 11-4ko partziala lortu zuten. Baskonian urteak eman zituen San Emeterio hegaleko kantabriarrak maisuki gidatu zuen bere taldea, eta Abaldek puntuak pilatu zituen minutu horietan. Partiduan mantentzen ahalegindu ziren beltzezko gizonak, baina alferrikakoa izan zen, lehiak kolore bakarra zuen jada, laranja, hirugarren laurdenaren amaierako 70-49ak erakusten zuen moduan.

Aldea handitu zuen etxeko taldeak beste bost puntu sartuta azken laurdenaren hasieran. Dinamika horretan diferentzia ikusgarria izango zela zirudien, baina kanpotarren entrenatzailearen hutsarte baten ostean, ez zen halakorik gertatu (Valentzia aldea kudeatzen ibiltzeak ere lagundu zuen). Azken hamar minutu horietako gauzarik esanguratsuena saski baten kronometroaren matsura izan zen eta, horren ondorioz, lehia luzatu zela. Amaieran hogei puntuko aldea (87-67), bilbotarrek erreskadan pairatzen duten seigarren porrota da.

Bentil, Tabu, Todorovic eta Devin Thomas nabarmendu ziren atzokoan. Lehenengo biek 13 puntu lortu zituzten (hegal pibotak 8 errebote hartuta; antolatzaileak 3 asistentzia banatu zituen), serbiarrak 11 puntu eta amerikarrak 10 puntu eta 6 errebote. Bitxia Mumbruk soilik 2 puntu lortzea, Hervellek sei minutu bakarrik jokatzea, Hamminkek jokatzea pasa den astean Mrsicek erabili ez ostean eta Salgado santutxutarrak alderantzizko egoera bizitzea.

18 punturekin San Emeterio nabarmendu zen Valentzia Basketen. Berarekin batera, Greenek (14 puntu), Dubljevicek eta Will Thomasek, 13na punturekin, partidu oso ona jokatu zuten.

Herenegun aipatu bezala, igandeko lehia FINALA da bilbotarrentzat. Amildegira erortzea ekiditeko, bertan dagoen Betisi gailentzea ezinbestekoa da. Kontrakoa gertatuz gero, 'ofizialki' alarma gorria piztuko da. Porrota ez da Bilbao Basket osatzen dutenen inoren (jokalari, zuzendari, zale) baitan egon beharreko hitza. Guzti-guztien bultzada behar da egoera txar honi aurre egiteko. Hitzordua 12:30ean, Bilbao Arenan.