Poza aspaldiko partez

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2018ko mar. 20a, 09:29

Beltzezko gizonek igandeko hil ala biziko norgehiagoka irabazi zuten (93-79) jaitsiera postuetatik apur bat aldenduz.

Mumbru saltoka, Thomasek elastikoa amorru biziz hartuz, Bentilen garrasia (Aitor Arrizabalaga argazkigileak ederto hartutako irudian ikus dezakezue momentua), Todorovicek zalegoaren bultzada bilatu zuen (beharrezkoa ez zen arren). Partidua bukatuta jokalari eta talde teknikoaren irrifarrak ezin handiagoak ziren. Azken hilabete eta erdiko sufrimenduaren ondoren (sei norgehiagoka erreskadan galduak) lasai eta pozik hartu zuten Bilbao Arenako aldageletako bidea. Eta poz aurpegi berdinarekin etxeratu ziren atzo marea beltza osotu zuten 9.470 zaleek.

Lehiaren atarikoan tentsioa nabarmena zen Miribillako ateetan. FINALA zela bazekiten eta urduritasuna somatzen zen jendearen aurpegietan. Eta hoti gutxi balitz, bihotzetan taupadek gora egin zuten taldearen aurkezpena baino lehen argiak amatatu zirenean, denboraldi honetako irudiei atxikitutako musika entzuterakoan: zein eta Carl Orff alemaniarrak idatzitako Carmina Burana obraren O Fortuna famatua. ideoa bukatuta, oihu ozena entzun zen harmailetan.

Jokalariek ere jakitun ziren partiduak garrantzi berezia zuela eta, baloia airean jarri zen lehenengo momentutik hortzak estutu zituzten. Etxekoak izan ziren markagailuaren jabe hasieratik amaiera arte. Hervellen, Tomasen eta Redivoren eskutik lehenengo abantailak etxekoen aldekoak izan ziren (7-0; 11-4; 20-9) eta lehia lasaia izango zela aurreratzen zuten arren, bidea ez zen erreza izango. Betis behar gorrian dago (Oscar Quintanak zuzendutako taldea sailkapeneko azken aurreko postuan dago bost garaipenekin) eta ez zela eguerdi pasa etorri erakutsi zuen. Lehenengo laurdenaren bukaera heltzear zela 0-6ko partzial bat lortuta, aldea murriztu zuen. Lehenengo hamar minutuak 24-15 amaitu ziren Bentilen eta Rebicen saskiratzen ondorioz.

Talde andaluziarra elektronikoan hurbiltzen joan zen bigarren laurdenean. Hotz kantxaratu ostean, erritmoa hartu zuten eta aldea modu arriskutsuan jaten hasi ziren (bi-hiru puntura egonkortu zuten dieferentzia momentu batzuetan). Beltzezko gizonen erreakzioa partidua apurtzeko modukoa izan zen Taburen eta Todorovicen eskutik (Gladnessen eta Pere Tomasen defentsak ere aipamena merezi dute) 12 puntuko aldea hartu baitzuten (41-27) baina 0-8ko partziala lortuta, lehian sartuta heldu zen Betis atsedenaldira (41-37).

Bueltan, talde andaluziarrak, Anosikeren eta Bookerren gidaritzapean hartu zuen partiduaren kontrola, nahiz eta markagailua iraultzeko kapaz izan ez ziren (gehienez puntu batera jarri ziren). Mrsicenen momentu txarrenak ziren, baina, Salgadoren hirugarren laurdena bukatzeko bi minuturen faltan, desagertuta egon zen Mumbru agertu zen; nola gainera. Kapitainaren sei punturekin (baita Bentilen birekin) 67-63ko markagailuarekin hasiko zuten azkenengo laurdena.

Mumbruren erakustaldiak jarraipena izan zuen hurrengo hiru minutuetan: beste zortzi puntu. 15 zenbakidunak bost minutuetan bilbotarren saskiratzaileri nagusiena lortzea lortu zuen eta talde osoak egindako esfortsuari berea gehitu ostean, partidua (orain bai) apurtzea lortu zuten. Andaluziarren ahaleginek ez zuten eragin positiborik izan euren interesentzako. Azken minutuetan Thomas erasoko errebotearen jabe egin zen eta andaluziarrek amore eman zuten. Amaieran 93-79 Mrsicen mutilen alde eta, sailkapenean jaitsiera postuetatik aldentzea lortu dute (bi garaipen gehi basket average-a).

Talde lana. Hori izan zen garaipenaren gakoa: Bilbao Basketeko sei jokalarik hamar puntu lortu zituzten gutxienez; Mumbruk (14 puntu), Todorovicek (13), Tabuk eta Redivok 11na lortu zituzten (joko antlatzaile belgikarrak gainera 10 asistentzia banatu zituen) eta Hervellek eta Pwere Tomasek 10na (lehoi belgikarrak 10 erreboterekin borobildu zuen bere partidua). Arestian aipatu bezela, Thomasen eta Gladnessen partidua ere oso ona izan zen.

Betisen alldetik Booker eta Anosike nabarmendu ziren, 21 eta 18 puntu lortuta hurrenez-hurren. Zagoracek 11 puntu sartu zituen.

ACB ligan jarraitzeko pausu garrantzitsua lortu arren, borroka ez da bukatu eta hurrengo arerioa sailkapenean berdinduta duen Zaragoza izango da. Irabaziz gero, beste pausu handia emango lukete beltzezko gizonek. Lehia igandean eguerdiko 12:30ean hasiko da.

Argazkia: Bilbao Basket/Aitor Arrizabalaga