Bilbao Arenak eztanda egin zuen atzoko norgehiagokaren azken segundoetan. Hasieratik eta bukaerara, marea beltzak itzezlezko burrunba eragin zuen, megafoniatik Carlos 'speakerrak' eta Armik “zarata” idatzita duen pankarta erakustea ez zen beharrezkoa izan jendea partiduan, lehian, sartuta egoteko. Astean zehar (etxeko taldearen aurkezpen bideoan gogoratu zuten) bai Mumbruk bai Salgadok ere zalegoan konfiantza zutela, eta Miribillara hurbiltzeko mezuak helarazi zituzten. Ordua eta eguraldia ez ziren onenak, baina, zaleek ez zuten hutsik egin (8.100 ikusle, urteko batezbestekoa gutxi gorabehera).
Ondo baino hobeto hasi zuten bilbotarrek lehia 10-0ko partziala lortuta; elektronikoak ere 15-2 eta 18-5ekoa erakutsi zuen lehenengo laurden horretan. Joko arin eta eraginkorra erakutsi zuten Mrsicenek lehengo minutuetan Tabu eta Redivoren gidaritzapean eta defentsan intentsitate altua jarrita. 24-13 bukatu zen lehenengo laurdena. Zale baikorrenak ere imajinatu ez zuen egoera.
Baina Kanaria Handia ez zen Bilbora paseora etorri. Luis Casimirorenak play-off-etan sartzeko borroka estuan sartuta daude, eta bigarren laurdenean euren erreakzioa heldu zen: lau minutu baino gutxiagoren bueltan markagailua irauli zuten 2-16ko partziala lortuz, nahiko erraz gainera. Denboraldian zehar askotan gertatu den egoera errepikatzen ari zen, eta harmailetan horrek jokalariengan zalantzak sortzearen beldur ziren. Egoerak eta epaileek hartutako ustezko erabaki zalantzagarriek zalegoa piztu zuten, eta presioa eta zarata handituz joan ziren. Bilbao Basketek markagailua 29na eta 31na berdintzea lortu zuen Mumbru eta Hervellen eskutik, baina kanpotarrek ez zuten erritmoa jaitsi. Atsedenaldira bederatzi puntukoa zen aldea kanariarren alde, 35-44. Bi taldeek entrenatzaileen hitzak entzutera jo zuten, eta zaleak bokata jatera, indar berritzeko.
Aldageletatik bueltan, Casimiroren mutilek bere horretan jarraitu zuten aldea hamar-hamaika puntutan mantenduz. Lehenengo laurdenean gertatu bezala, Tabuk eta Redivok erasoko erantzunkizuna hartu eta 48-58tik 58nako markagailura joan zen lehia. Defentsan ere lehenengo hamar minutuetako intentsitatea berreskuratzen hasiak ziren. Harmailetan jendeak ez zuen animo eta protesten bolumena jaisten (gainera arerio zuzenak jokatzen ari ziren partiduan berri gehienak onak ziren bilbotarren mesedetarako, eta horrek handitu zuen piztuta zegoen sugarra). Tentsioa eta emozioa puri purian zeuden, partiduaren noranzkoa eta hirugarren laurdenaren amaieran elektronikoak erakusten zuena ikusita. Lehiaren azkenengo atalaren atarian, puntu bakarreko aldea: 62-63.
Mumbruk sartu zuen azkenengo hamar minutuetako lehenengo saskiratzea, eta hortik aurrera kolore bakarra izan zen nagusi: beltza. Partidu osoan bezala Redivok puntuak pilatzen jarraitu zuen, defentsan zorrotz, eta erasoan beste bi izen gehitu zitzaizkion hegaleko argentinarrari: Tomas (puntuak pilatuz) eta Salgado. Santutxukoak maisuki gidatu zuen taldea, jokoaren erritmoa kontrolatuz, arinago jokatu behar zenean arinago eta, batez ere, markagailuan alde polita hartu zutenean jabetzaren 24 segundoak erabiliz. Aulkian ere jokaldi guztiak (eraso zein defentsakoak) gogo biziz ospatu ziren. Harmailetan zer esanik ez. Amaieran hamalau puntuko aldea, 92-78. Logikak pisua izaten du normalean, baina ezustekoak ere ematen dira batzutan, oso pozgarria atzokoa.
Norgehiagokaren zenbakiei erreparatuta, tarteko hauek izan ziren emaitzak: 24-13;11-31; 27-19; 30-15.
Beste guztien gainetik, izen bat nabarmendu behar da talde bezala jokatu zuen Bilbao Basketen: Lucio Redivo. Argentinarrak 31 puntu (lautik hiru bikoetan; hamaikatik sei hirukoetan eta bederatzitik zazpi jaurtiketa libreetan), 4 errebote eta 2 asistentzia pilatu zituen, 38ko balorazioa lortuz. Berarekin batera, Tabu (16 puntu, 4 asistentzia), Tomas (14 puntu, 4 errebote) eta Mumbruk (11 puntu) ere zenbaki bikoitzak lortu zituzten.
Kanpotarren aldetik, 12 puntu eta 6 erreboterekin Balvin izan zen onena eta, 10na puntu eskuratu zituzten Rabaseda, Seeley eta Mekelek.
Jardunaldi oparoa suertatu da orokorrean Bilbao Basketentzat, garaipenaz aparte, Joventut, Betis eta Zaragozak galdu zutelako. Burgosek ere arnas apur bat hartu du atzo bere lehia irabazita. Gauzak horrela, sailkapenak hurrengoa erakusten digu beheko postuetan:
14 Burgos (9-18)
15 Zaragoza (8-19)
16 Bilbao Basket (8-19)
17 Betis (7-20)
18 Joventut( 6-21)
Hurrengo jardunaldia etorkizun hurbilerako garrantzitsua izango da, oso. Bilbao Basketek Badalonan jokatuko du igandean Carles Duranen Joventuten kontra 12:30ean. Ordu berean Sevillan Betis eta Burgos lehiatuko dira nor baino nor. Helburua bakarra da, Penya-ri gailentzea atzoko garaipenari jarraipena emateko. Arerio zuzenen arteko partiduetan gertatzen denak garrantzia handia du, baina hori ez da lehentasuna.