Bilbao Basketek lasaitasuna lortzeko bidean atzerapauso erraldoia eman zuen atzo. Kanaria Handiaren kontrako garaipenaren ostean, animoak gorenean zeuden, eta txapelketa bukatzeko gelditzen ziren zazpi norgehiagoketan egonkortasuna lortzeko aukera ezin hobea zirudien. Baina ez zen horrela izan.
Badalonako Pabilioi Olinpikoan, Bilbao Basketek etorkizun hurbilerako oso arriskutsua izan daitekeen kalte bikoitza pairatu zuen: partidua eta 'basket-average'-a galtzea, hau da, fase erregularraren amaieran talde biek garaipen berdinekin amaitzen badute bilbotarrak katalanen atzetik sailkaturik geldituko lirateke. Jakinda biek ala biek jaitsiera postuetatik aldentzeko borrokan daudela.
Atzokoan ez zen joan den asteazkenean Miribillan ikusitako adore eta intentsitatearen zantzurik ikusi. Orain aste batzuk hil ala bizikoak dira lehia guztiak eta ezinezkoa da (saskibaloi profesionalean bederen) norgehiagoka bat irabaztea lehenengo laurdenean lau puntu bakarrik sartuta eta hirugarren laurdenean hamabi lortuta. Hori gertatu zen atzo: 14-4, 23-20, 24-12 eta 23-20 izan ziren partzialak. Bi taldeen portzentaietan, elkarren artean alderatuta, galtzaile atera ziren beltzezko gizonak: biko jaurtiketetan %53-%47; hirukoetan %48-%17; libreetan %72-%50; asistentzietan 22-7; baloi galduetan 11-13; balorazioan 106-46... kolore berdea izan zen nagusi atzokoan. Irudi batek mila hitzek baino gehiago esaten duen moduan, kasu honetan, zenbakiek hartzen dute irudiaren lekua.
'Penyako' elastikoa 184 norgehiagoketan defenditzeagatik Mumbruk omenaldia jaso zuen, Badalonako harrobian hazi eta hezi zen beltzezko gizonen kapitaina. Bera izan zen bilbotarren saskiratzailerik nagusiena 14 punturekin. Berarekin batera Juventuteko beste jokalari ohia den Pere Tomasek 12 puntu sartu zituen, eta Hervellek 9 puntu eta 7 errebote lortu zituen. Todorovicen itzulera ere oso positibotzat har daiteke.
Etxeko taldean Laprovittola izan zen onena. 22 puntu, 3 errebote eta 10 asistentziekin (bai; argentinarrak Bilbao Basket osoak baino asistentzia gehiago banatu zituen) jardunaldiko jokalaririk onena izendatu zuten. Tomaz Gieloren 18 puntuak ere nabarmentzekoak dira.
Carles Duranen taldeak lortutako garaipenarekin (mendekua?), Burgosek Betisen aurka lortutakoa eta Zaragozak Valentziaren kontra galdu ostean, horrela dago sailkapena:
14 Burgos (10-18)
15 Zaragoza (8-20)
16 Bilbao Basket (8-20)
17 Joventut (7-21)
18 Betis (7-21)
Andorra hartuko dute beltzezko gizonek igandean 12:30ean. Ordu berean Zaragoza-Murtzia, Betis-Kanaria Handia eta Burgos-Joventut jokatuko dira.