Ez da miraririk egon eta datorren denboraldian beltzezko gizonek ez dute ACB ligan jokatuko. Orain dela bi aste entrenatzaile postuan egindako aldaketak, Jaka Lakovicek Veljko Mrsicen lekua hartzeak alegia, ez du espero zen emaitza negatiboen dinamikan aldaketarik ekarri (azaroan Mrsic Duranen ordez jartzeak lortu ez zuen bezala) eta liga bukatzeko bi jardunaldiren faltan Bilbao Basketek bere lekua galdu du txapelketan. Datorren igande eguerdiko partidak, Murtziaren aurka, izango duen motibazio bakarra Bilbao Arenan Alex Mumbru kapitainaren azkenengo lehia ikustea da... agur mingotsa.
2017-2018 denboraldia arraroa izan da lehenengo unetik, denboraldiaren hasieratik. Uztaila bukatu baino lehen taldea eginda zegoen, denboraldia hasteko bi hilabeteren faltan; lagun arteko partidu batzuren ostean jokalari batek alde egin zuen (McKay pibotak); beste pibotak (Kempton) ere arin alde egin zuen, Duranen alde egitea nahiko arraroa izan zen, baita egoera oso larria ez zenean (3-6 ligan), Eurocupetik kanpo geratzea etxean lehiarik irabazi gabe... Eta urtean zehar egoera hobetzen saiatu ahala gauzek okerra egin dute. Esperantzarako argia piztu zen Betisen aurkako lehenengo final hura irabazita, baina aldaketa horrek ez zuen jarraipenik izan.
Tristura sortzen badu ere, atzoko lehiari buruz idatzi beharra dago, estatistikak bederen. Markagailua laurdeneka hurrengoa izan zen: 17-15, 17-27 (34-42 atsedenaldian), 19-18 (74-78 bukaeran). Mingarriena hurrengoa da: Baskonia 11 puntuz aurretik ibili ondoren, beltzezko gizonak markagailua iraultzeko kapaz izan ziren, lehia bukatzeko minutu baten faltan hiru puntuz goitik ziren, eta garaipena atzamar puntekin ikutu zuten etxekoek (pasa den astean Santiagon Obradoiroren aurka gertatu zen bezala).
Estatistika indibidualei erreparatuz, Jonathan Tabu nabarmendu zen 18 puntu eta 21eko balorazioa lortuta. Todorovic ez zen belgikarrarengandik urruti ibili, serbiarrak 17 puntu eta 17ko balorazioa lortu baitzituen. Bi hauekin batera Redivo (11 puntu) eta Mumbruren partidua (10 puntu) ere aipatu beharra dago.
Arabarren aldetik, 15 puntu eta 9 erreboterekin Poirier frantziarra izan zen izarra. Huertas beltzezko gizon ohiak 11 puntu lortu zituen eta Shengeliak 10.
Arestian aipatu moduan, hurrengo lehiak Alex Mumbruri agur esateko balioko du. Kapitaina hurbiletik ikusteko azken aukera izango du marea beltzak igande honetan 12:30ean. ACB ligan jokatuko duen azkenego partidua izango da Murtziaren aurkakoa... momentuz (hori da gehiengoaren esperantza).