Eskerrik asko kapitain

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2018ko mai. 22a, 17:32

Argazkia: Bilbao Basket

Marea beltzak merezitako omenaldia eskaini dio Alex Mumbruri Murtziaren aurka galdutako lehian zehar (73-82) eta, batez ere, norgehiagoka bukatutakoan.

Nahiz eta protagnistak omenaldirik nahi ez zuen ("ez delako momentu egokia, taldearen egoera zein den jakinda. Beste partidu bat da", esan zuen norgehiagokaren atarian), marea beltza osatzen zuten 8.115 lagunek azkenengo bederatzi denboralditan Bilbao Basketen elastikoa 15 zenbakiarekin defendatu duenari bere esker ona adierazi zioten.

Ez zen beste norgehiagoka bat, ez. Taldearen ikur baten agurra baizik (etxean; Burgosen kontrakoa gelditzen da). Eta zenbait izan ziren prestatutako keinuak: Bilbao Arenako eserleku bakoitzean Aitor Arrizabalagaren kamerak ondo baino hobeto erakusten duen Eskerrik asko Mumbru leloa idatzita zuten kartoiak zeuden partiduko hamabosgarren minutuan erakustekoak (horren jakitun ala ez, Jaka Lakovic etxeko entrenatzaileak minutu magiko hori heltzeko sei segundoren faltan hutsartea eskatu zuen), baita kantxan kapitainaren dortsala eta elkar gurutzatutako AM (Alex Mumbru) erraldoiak ere. Horretaz aparte, jendeak iskanbila sortzen zuen kapitainak baloia hartzen zuen bakoitzean, aldaketa zegoenean... ez, ez zen beste norgehiagoka bat. 

Eta lehia bukatuta etorri zen emozioz beteriko ekitaldia. Bideo markagailuetan Mumbruren ibilbidea laburtzen zuten irudiak, Pau eta Marc Gasol, Juan Carlos Navarro, Rudy Fernandez, Sergio Rodriguez, Felipe Reyes, Carlo Jimenez, Carlos Cabezas, Berni Rodriguez eta Bilbao Basketen kide diren Javi Salgado, Raul Lopez eta Axel Hervellen mezuak uztartzen zituen bideo bat egon zen ikusgai. Gerlari belgikarra izan zen kapitainari oroigarri gisa txapel bat emateko arduraduna. Horren ostean, Mumbruk mikrofonoa hartu zuen eskerrak emateko. Aipatu zuen partidurik garrantzitsuena hurrengo denboraldia hasten den arte jokatu behar dela, hiriak saskibaloia izateko. Bere familia (aita buru zuela) kantxaren lehenengo ilaratik gertatutako guztiaren lekuko izan zen.


Lehian, nahi eta ezin

Parekatua hasi zen norgehiagoka, baina lehenengo laurdenean eta bigarrenean batez ere Murtziak alde handia pilatu zuen bere alde (18 puntukoa gehienez). Bilbotarrak markagailua iraultzen saiatu ziren, baina gehienez puntu batera jarri ziren. Ibon Navarrok zuzendutako taldeak play-offetan egon nahi du eta helburua lortzeko ezin du aukerarik galdu. Partidu serio eta txukuna jokatu zuen, garaipena merezimendu osoz poltsikoratu zuen (19-22/13-23/22-21/19-16 izan ziren partzialak). 

Hamaikana puntu lortuta, Dejan Todorovic eta Devin Thomas izan ziren etxekoen artean onenak (amerikarrak gainera 11 errebote hartu zituen). Pere Tomasek izan ezik (Lakovicek ez zuen Bentil kantxaratu), taldekide guztiek jokatu zuten, eta 3 eta 9 puntu artean lortu zituzten.

Kanpoko taldean, bost jokalarik zenbaki bikoitzak lortu zituzten: 18 Hannah beltzezko gizon ohiak, 15na Soko eta Baskoniako jokalari ohia den Olesonek, eta 10na Benite eta Deliak.

ACBri (momentuz) agur esateko lehia Burgosen kontra jokatuko du Bilbao Basketek ostegunean 20:30ean (jardunaldi osoa ordutegi horretan jokatuko da). Bilbao Basketeko zaleak bertara hurbilduko dira, taldearen babesle nagusia den Retabetek jarritako autobusean, eta hori beteta, Soleto bus enpresak jarritako beste autobus batean (bidaia doan eta sarrerak 15 euroan; 10 umeentzat).