Bost talde zeuden lidertza partekatzen seigarren jardunaldia hasi baino lehen eta horietako biren arteko lehia izan da gaur eguerdian Bilbao Arenan. Denboraldi hasieratik errepikatu den bezala, txapelketa honetan ez dago partidu errazik, eta gaurkoa ez da desberdina izan.
Biak ala biak bolada onari jarraipena emateko kantxaratu dira, "borrokarako" prest. Eta nabaria izan da hori baloia lehenengoz aireratu den momentutik. Saskiratzeak bi aldetan, intentsitatez beteriko jokoa (berrogei minutuetan zehar zenbait jokalditan epaileak ez dira batere fin ibili) eta, beltzezko gizonak ia partidu osoan markagailuan goitik egon diren arren, ez zegoen menderatzaile argirik. Mumbrurenen alde bukatu dira lehenengo hamar minutuak, 26-22.
Bederatzi puntukoa ere izan da aldea bigarren laurdenenean, baina Paco Garciaren mutilek ez dute etsi. De la Fuente eta Reyes gidari zirela, kanpotarrak behin eta berriz bilbotarren defentsa apurtzeko kapaz izan dira (etxekoek ere erasoan baloiak modu inozoan galdu dituzte), hamabost minutuko atsedenaldira 42nako berdinketarekin joateko.
Aldageletatik bueltan, Brownen hiruko bat eta Salgadoren 2+1eko batekin lehia bizkaitarren alde apurtzear zela zirudien, baina ez da horrelakorik gertatu. Indar eta kolpeak parekatuta, txistu hotsa alde batean bestean baino gahiago entzun da (laurdena amaitzeko lau minuturen faltan beltzezko gizonek 7 falta zituzten eta gaztelarrek bakarra) eta horrek ere kanpotarrak partiduan sartuta mantentzeko balio izan du eta baita Mumbrurenen amorrua areagotzeko ere. 67-61 norgehiagokaren hogeita hamargarren minutuan.
Azkenengo laurdenean Bilbao Basketek defentsa zorroztu du eta ez da aurretik ikusitako itoginik egon. Bigarren laurdenean gertatu bezala, bederatzi puntuko errenta lortu dute baina, aurrreko laurdenean gertatu bezala, haize-kontzertua handiagoa zen bilbotarren zonan (hori bai, beti gertatzen den moudan, espliakaezinezkoak diren gauzak adierazi dituzte hiru epaileek estatistikak berdindu nahian, txarragoa den konpentsazioa alegia). Azken minutuetan Mumbrurenek hamar puntuko aldea hartu dute eta errenta hori kudeatu besterik ez dute egin amaieran 84-77ko garaipena lortzeko, denboraldiko bosgarrena.
Beltzezko gizonen artean, hurrengoak nabarmendu dira gaurkoan: Brownek 17 puntu lortu ditu, Larsenek 16 (gehi 4 errebote), Schreinerrek 12 puntu, 10 asistentzia eta 4 errebote eta, Salgadok 10 puntu eta 7 asistentzia lortu ditu. Lammersen 3 txapelak eta Demetrioren debuta etxean ere aipatu beharra dago.
Paco Garciaren taldean ere batzuk dira nabarmendu beharreko izenak: De la Fuente (18 puntu), Reyes (17 puntu, 6 errebote), Gantt (12 puntu) eta Hayes (10 puntu, 11 errebote).
Hurrengo jardunaldian, Bilbao Basketek Betisi egingo dio bisita hurrengo ostiralean, hilak 9, arratsaldeko 20:00etan (nahiko ohikoak diren aldaketarik egoen ezean).