Sailkapeneko putzuan sartuta dauden taldeen kontrako lehiak oso arriskutsuak izaten dira, irabazteko asko dutelako eta beheko postuetatik ateratzeko nahi horrek bizitu egiten dituelako. Horretaz gain, taldearen inguruan zalantza handiak sortu zituen porrot mingarri baten osteko lehia izateak urduritasuna sor zezakeen.
Bi baldintza horiek kontuan izanda eta norgehiagokaren nondik norakoa ikusita, elektronikoak amaieran erakusten zuen aldea ez da kantxan gertatutakoaren adierazgarri fidagarria. Kanpotarrek Mumbruren mutilei aurre egin zieten partidua berdinduta mantentzeko eta, momentu batean, zazpi puntuko aldea hartzeko ere. Prat Zagarsen gidaritzapean eroso zegoen eta beltzezko gizonak saiatu ziren arren, lehenengo laurdenaren bukaerara bost puntuko diferentziarekin heldu ziren Mireten mutilak (22-27).
Bederatziko aldea izan zen bigarren laurdenaren hasieran eta hor heldu zen bilbotarren susperraldia, Zagarsen lesioarekin batera. 17-0ko partziala lortu zuten etxekoek eta hamaika puntuko errenta izatera heldu zirenez, lehia apurtzeko zorian zeudela zirudien. Atsedenaldian, 46-38. Gogoratu beltzezko gizonek Palmaren aurka 45 bakarrik sartu zituztela pasa den astean. Datu horrek argi eta garbi adierazten du etxetik kanpo jokatutako azken lehian emandako itxura.
"Ohitura" den legez, markagailuan alde polita hartu ostean bilbotarrak lasaitu ziren eta, normala denez, kanpotarrak diferentzia jaten hasi ziren hirugarren laurdenaren lehenengo minutuetan. Defentsa sendotu beharrean ziren etxekoak eta intentsitate horrek bi baloi lapurtzeko balio izan zuen kontraeraso azkarretan puntuak lortzeko. Hamahiru puntuko errenta lortuta, garaipena Miribillan geratuko zela zirudien baina, bigarrenez, kanpotarrak aldea murrizteko kapazak izan ziren, bidean Marti lesionatuta galduta (pibotaren garrasiek pabiloia isilarazi zuen). Azken hamar minutuak jokatzeke eta 65-61 markagailuan.
Biek ala biek euren zona defenditzeko intentsitatea gehitu zuten eta lehia nahastu zen. Epaileek Huertasi teknika adierazi zioten euren iritziz lurrera bota zelako (egunen batean arbitroen irizpidearen analisi sakona egin beharko lukete federakuntzatik ez delako normala berdinak diren egoeren aurrean gauza desberdinak adieraztea edo ez egitea). Jokaldia bilbotarren mesederako izan zen; izan ere, hor hasi zen behin betikoa suertatuko zen partziala: 19-3 hogei puntuko errenta lortzeko. Norgehiagokaren azkenengo lau minutuetan errenta kudeatu zuten Mumbruren jokalariek eta garaipenak ez zuen Bilbao Arenatik ihes egin. Bukaeran 93-75, Oviedo, Ourense eta Melillarekin sailkapenean berdinduta mantentzeko.
Sei jokalarik zenbaki bikoitzak lortu zituzten Bilba Basketen: Schreiner eta Demetriok 14na (austriarrak 6 errebote eta 5 asistenziekin; brasildarrak 5 errebote hartuta), Larsenek 12, Matulionis eta Cruzek 111na (madrildarrak 6 errebote hartu zituen) eta Martinez 10 punturekin.
Kanpotarren aldetik Sena (14 puntu, 8 errebote) eta Blanch (11 puntu) nabarmendu ziren.
Txapelketak ez du etenik eta bihar, San Jose egunez, Euskal derbia izango dugu arratsaldeko 19:00etan Gasteizen: Araberri-Bilbao Basket.