Real Madril ahalguztidunari irabazteak zapore goxoa uzten du beti; berdin dio atzokoan bezala puntu bakarreko abantailarekin izatea (luzapen baten ostean gainera) edo taldearen urrezko urteetan Euroligan eta Ligako finalerdietan kanporaketetan, edozein jokalari fitxatzeko adina aurrekontu duten talde handien aurka garaile ateratzea beti da berezia.
Presioa bermatuta egongo zela argi zegoen, lehia hasteko hiruzpalau ordu lehenago sarrera guztiak agortuta zeudela argitaratu baitzen. 10001 zalek osatu zuten atzo “marea beltza”. Gainera, pare bat egun lehenago talde bilbotarrak bere sare sozialetako profil desberdinetatik zaleei egin beharrak jarri zizkioten (beltzez jantzita joan, taldearen aurkezpenean sakeleko telefonoen linterna piztea, “Txoria-Txori” abestea…). Dena zilegi zen “Miribilla efektua” pizteko.
Osagai guztiak aintzat hartuta, tentsioz beteriko norgehiagoka egongozela zirudien eta horrela izan zen, hasieratik bukaeraraino. “Talde zuriak” Carrollen puntuekin eta Llullen gidaritapean abantaila hartu zuten hasieran eta 10-16koarekin lehia apurtuko zutela zirudien. Mumbruk Urrezko LEBeko bostekoa kantxaratu zuen eta aitaren batean markagailua irauli zuten etxekoek (18-16). Lehenengo laurdena Brownen azken segunduan sartutako hiruko batekin bukatu zen, Mumbruren aldeko 23-21ekoa jarriz.
Bigarren laurdenean gauzek bere horetan jarraitu zuten eta aldea bederatzi puntura handitu zuten “beltzezko gizonek” (34-25). Jakina zen bezela, Lasoren jokalariak aldea jaten hasi ziren, bi puntura jarrita. Baina aurreko laurdenean bezala, azken segunduan saskiratzea lortu zuten Mumbruk Rousellen eskutik atsedenaldi luzean markagailuan lau puntuko aldea jarriz (41-37).
Batzuetan ohiturak ez dira betetzen eta aldageletatik bueltan Bilbao Basketek ez zuen askotan izaten duen gainbehera izan. Intentsitateak bere horretan jarraitu zuen. Bai kantxan bai harmailetan ere. Defentsa zein erasoan, jokaldi bakoitzean itzelezko burrunba sortzen zen. Hogeita seigarren minutuan epaileek Taylorry bi falta tekniko adierazita kanporatu zuten (lehenengoa protesta egiteagatik, bigarrena segidan epailearen aurrean erabakia txalotzeagatik) eta Bouteillek sartutako jaurtiketa libreen ostean aldea handitu zen. Hogeita hamar minutuen ostean elektronikoak 60-54 erakusten zuen.
Carrollek lehiaren hasieran bezala, puntuak pilatu zituen aldea iraultzeko baina Brownek atoan erantzun zuen aldea bere horretan mantentzeko (65-60). Borroka itzela zen zonan (Bavin-Sulejmanovic-Lammers etxekoen aldetik, Tavares-Garuba kanpotarren aldetik) eta partidua bukatzeko bi minuturen faltan eta Mumbruren jokalariek abantaila kudeatzeko dena alde zutela, urduritasuna edo bertigoa edota irabazteko beldurrak akatsak agerian utzi zituen, lehia 77nakoarekin utziz. Llullek izan zuen lehia irabazteko jaurtiketa baina ez zen sartu eta, horrenbestez, norgehiagokak bost minutu gehiago izan zituen. Aurreko berrogei minutuetako lan, tentsio eta intentsitaearen ostean bi taldeetako jokalariak oso nekatuta zeuden. 5-4ko partziala luzapenean, azken 2 minutu eta 14 segundutan saskiratzerik ez eta suspentsea azken segundura arte mantendu zen. Thompkinsek azkenengo jaurtiketan kale egin zuenean eta elektronikoak 00:00 erakutsi zuenean “marea beltzak” estanda egin zuen denboraldiko bostgarren garaipena ospatzeko, 82-81.
Beste behin taldeko lana goraipatzekoa den arren, bakarkako estatistikei erreperatuz gero, Bouteille (22 puntu, 6 rrebote), Brown (21 puntu) eta Lammers (10 puntu, 7 errebote) izan ziren onenak. Aipatzekoak ere Balvinek harrapatutako 16 erreboteak ere.
Madrildarren aldetik, Llull 24 punturekin eta Carroll 20rekin nabarmendu ziren.
Aipatzekoa ere (bitxikeria moduan) jaurtiketa libreetan egon zen aldea. Bilbao Basktek 17 jaurti zituen; Real Madrilek 35.
Unicaja Malaga izango da "beltzezko gizonen" hurrengo aurkaria larunbatean arratsaldeko 20:30ean.
Bukatzeko, hausnarketa txiki bat: orain bi aste taldea ez zen txarrena eta atzoko garaipenaren ostean ez da onena.
Argazkia: Bilbao Basket/Aitor Arrizabalaga