Osasun bikaina

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2020ko urt. 8a, 16:54

Argazkia: Bilbao Basket/Aitor Arrizabalaga

Lehenengo itzulia bukatzeko jardunaldi baten faltan, gutxik espero zuten balantze zinez positiboa lortu dute “beltzezko gizonek” (9-7) eta denboraldiko helburua ez den arren, Kopa jokatzeko aukera dute Mumbruren jokalariek.

Zoratu barik, pausuz-pausu eta hurrengo norgehiagokaz haratago begiratu gabe. Hori izan da Bilbao Basketen pentsaera aurre denboraldia hasi zenetik. Eguneroko lanean oinarrituz, ACBn mantentzeko helburuaren %75a lortu dute “beltzezko gizonek” lehenengo itzulia bukatzeko jardunaldi baten faltan 9-7ko balantzea lortuta.

Orain arte izandako ibilbideak sari potoloa ekar dezake, Malagan jokatuko den Koparako txartela hain zuzen (Bartzelonari bere kantxan irabazi behar zaio horretarako edo beste emaitzen zain geratu). Ez Mumbruk ezta jokalariek ere ez dute horretaz askorik hitz egin; kazetariek horretaz idaztea zilegi dela baina ez dagoela euren buruan esan du behin baino gehiagotan entrenatzaileak eta atzo Sulejmanovic hegal-pibot bosniarra ere ildo berdinetik mintzatu zen nahiz eta aukera hor dagoen aitortu.

Orain arte lorpen handiak lortu dira etxean: Valentzia, Baskonia eta Real Madril bezalako talde handiei etxean irabazi izan die Bilbao Basketek. Jokatutuako hamasei norgehiagoketatik bakar batean ez zen talde lehiakorra ikusi. Galdutako beste sei partidetatik bitan bi luzapenen ostean izan zen eta batez beste 5’6 punturengatik porrotak. Horrek argi erakusten du taldearen izaera zein den.

Iazko denboralditik taldean geratu eta aurten fitxatu direnen artean talde ona osatu dute Mumbru eta Rafa Pueyo zuzendari teknikoek. Orokorrean eta kontuan izanda batzuek besteek baino pisu handiagoa dutela, entrenatzailearen eskeman jokalari guztien indarren batuketari esker dago Bilbao Basket dagoen tokian, inork ez diolako ezer oparitu.

Koparekin amestea zilegi da baina helburua beste bat da. Maila mantentzeko 12-13 garaipen behar dira, horrek esan nahi du beste hiru edo lau norgehiagoka irabazi ondoren agian gauza handiagoetan pentsatzeko aukera izango dutela “beltzezko gizonek”. Osasun bikaina du Bilbao Basketek baina bide berdinean jaraitu beharra dago.