Real Madril, Bartzelona, Zaragoza eta Tenerife izan dira hurrenez-hurren ligako lehenengo itzuliko onenak. Hortaz atzo Malagan egin zen zozketan serie buru ziren eta sailkaturiko beste lau taldeek (Unicaja, Valentzia, Andorra eta Bilbao Basket) horietariko baten aurka lehiatu beharko zirela bazekiten.
“Zuriak” eta “blaugranak” beti izaten dira ekiditu beharreko aurkariak, nahiz eta aurten Mumbruren gizonek biei irabazi baina Lasorenak izango dira “beltzezko gizonak” final-laurdenetan izango duten aurkaria.
Denboraldi-aurrean espero ez zen edo behintzat, horretaz hitz egiten ez zen emaitza lortuta (lan ikaragarria egin ostean; inork ez dio ezer Bilbao Basketi oparitu) ez dira Malagara denbora-pasan joango, ez baita hori bilbotarren sena. Borroka, intentsitatea eta lehiakortasuna dira taldearen ezaugarri nagusiak eta behin aldez aurretik planifikatu gabeko helburua eskuan edukita, onena emango dute bilbotarrek.
Hitzordua otsailaren 13an, osteguna, gaueko 21:30etan izango da. Norgehiagoka hasi baino lehen biek ala biek finalerdietan aurkari nor izango duten jakingo dute, Bartzelona edo Valentzia.
Sarrera bonoen zozketa
Gaur eguerdian argitaratu du Bilbao Basketek bere webgunean Koparako bonoak eskuratzeko prozedura. Arratsaldeko lauretan zabaldu du zozketara apuntatzeko epea. 120 bono ditu taldeak, bakoitza 200 eurotan. Baita ere garestiagoalk diren “Golden” eta ”Silver” izeneko bono kopuru txikia (600 eta 500 eurotan hurrenez-hurren). Apuntatzeko epea hilaren 16an iluntzeko 19:00etan amaituko da. Inskripzioa egiteko 50 euroko fidantza utzi behar da taldearen bulegoan (Mazarredo Zumarkalea 15, 5ºA) eta zozketan zorterik ez izatekotan fidantzakbueltan emango dira.
Argazkia: Bilbao Basket