Helburua lortu dala esan genezake

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2020ko ots. 10a, 20:39

Hamabost puntuko errenta izan ondoren, ia azken segunduan lortu zuten garaipena “beltzezko gizonek” Unicajaren aurka (98-95).

Pasa den astean Valentzian balentria lortu ondoren, (izan ere, garesti dago Fontetan irabaztea, Bartzelonak bakarrik lortu zuen) taldeen sailkapenean garaipenerako atarian zegoen Unicajaren kontra, indarrak neurtzea tokatu zitzaion talde bilbotarrari larunbatean.

Andaluziarrak taularen goiko postuetan finkoak dira orain dela urte asko eta aurten ere ez dute play-offetan sartzeko arazorik izango. Luis Casimiro ACBko esperientzia handiko entrenatzailea da eta bere jokalariak ere kalitate handikoak, Miribillan argi eta garbi ikusi zen bezala.

Partidaren lehenengo laurdenak ez zuen garaile argirik izan, talde baten saskiratze bati, aurkariak beste batekin erantzuten baitzion. Aldeak ez ziren handiak izan eta horren erakusle izan zen hamar minuturen faltan elektronikoan zegoen 22-18koa.

Gidoia guztiz aldatu zuten “betzezko gizonek” bigarren laurdenaren hasieran. Talde osoaren lanaren ondorioz (Rouselle eta Lammersen konexioak jokaldi ikusgarriak eskaini zizkien 8690 zalek osatutako “marea beltzari”) 11-3ko partziala lortuz. Casimirok hutsartea eskatu zuen, bilbotarren jokoa eten eta bere jokalariak suspertzeko asmoarekin. Bai lortu ere, kanpotarrek aldea lau puntura murriztu baitzuten, baina berriz ere etxekoek errenta nahiko interesgarria hartu zuten markagailuan, hamabi puntukoa alegia, Schreinerrek azken segunduan sartutako hiruko baten ostean 48-36.

Atseden luzearen ostean alde hori hamabost puntukoa handitu zuten “beltzezko gizonek” baina partidua kontrolpean zegoela zirudienean, andaluziarrak esnatu eta hiruko jaurtiketak markagailua iraultzea lortu zuten, azken hamar minutuen faltan markagailuan 8-71 ezarriz (20-35 laurdeneko partziala).

Erreakziorako denbora zegoen eta Mumbruren jokalariak ez ziren makurtu. Apurka-apurka eta markagailu estuetan hain garrantzitusuak diren jaurtiketa libreak saskiratuz, egoera konpontzea lortu zuten “beltzezko gizonek”. 90-85 zen markagailua bi minuturen faltan baina oso luze egin ziren azken 120 segundu horiek, izan ere kanpotarrek ez zuten euren azken hitza esan. Zortzi segunduren faltan Balvinek 4’60 metroko marratik erabakgarriak izan ziren bi jaurtiketa sartu zituen, izan ere Jaime Fernandezek ez zuen norgehiagoka luzapenera eramango zukeen hirukoa lortu. Bukaeran poz eztanda harmailetan beste garaipen bat ospatzeko. 98-95.

"Beltzezko gizonen" artean nabarmendu ziren jokalariak: Kulboka (18 puntu, 5 errebote) Lammers (17 puntu, 5 errebote, 2 txapel  eta zenbakietan neurtu ezin den intimidazioa), Bouteille (16 puntu, 6 errebote eta 2 asistentzia), Rouslle (11 puntu, 5 asistentzia) eta Schreiner (7 puntu, 8 asitentzia). Tyler Haws azkenengo fitxaketak bere debuta egin zuen lau minutu pasatxo jokatuta. Entrenamendu bakarra eginda bere lana Rigori arnasa ematea izan zen.

Kanpotarren artean Brizuela (21 puntu), Fernandez (20 puntu, 7 asitentzia), Adams (18 puntu)eta Thompson (13 puntu, 9 errebote).

Hurrengo erronka Kopa izango da. Ostegunean gaueko 21:30etan Malagan Real Madrilen kontra. Ospatzeko, Bilbao Basketek bi pantaila erraldoi jarriko ditu Bilboko Stage aretoan eta Getxoko Brooklyn fitboxingen.

Denboraldi erregula bukatzeko 13 jardunaldiren faltan helburua lortu dela esan genezake. Meritu handia du horrek, maila igo berri duen talde batentzat.

Argazkia: Bilbao Basket/Aitor Arrizabalaga