Urrian inork gutxik espero zuen Bilbao Basket sailkapenaren zortzi onenen artean egotea denboraldiko lehen itzuliaren amaieran. Baina lan handia eginez, talde bilbotarrak orain dela 21 urte Fuenlabradak lortutako balentria lortu zuen, hau da, ACBra igo eta zuzenean Kopa jokatzea. “Marea beltza” osatzen duten zale baikorrenek ere ez lukete egoera honen alde apostu egingo.
Eta ezustekoa izanda, Malagara presiorik gabe joan dira Mumbru eta bere jokalariak. Horrek ez du esan nahi turismoan joan direnik ordea. Balvinek, Kulbokak eta entrenatzaileak berak esan dute Lasoren jokalariek presioa daramatela gainean, lehiatzen dituzten txapelketa guztiak irabazteko plantilla dutelako.
Guztiok gogoratzen dugu pasa den azaroaren 17an ligako 9. jardunaldiaren luzapenean “beltzezko gizonek” talde “zuria” 82-81 garaitzeko gai izan zirela, dena den oso zaila izango da hori gaurkoan errepikatzea. Madrildarrek 15 jokalariz osatutako “rosterra” dute, hau da, norgehiagoka bakoitzean deialdiak egiteko aukera dute eta, Miribillako partiduan ez bezala, guztiak Lasoren esanetara prest daude.
Jakina den bezala, bilbotarrek Jaylon Brownen baja dute izan ere Kanaria Handiaren kontra eskuin oinaren behatz txikia apurtu zuen. Amerikarra pieza garrantzitsua zen, bere joko zuzenarekin lehiak erabakitzen laguntzeko. Bere lekuan Tyler Haws fitxatu du Bilbao Basketek, ezaugarri guztiz desberdinak dituen jokalaria. Beste faktore erabakigarri bat kantxa izango da; desberdina da 10.000 pertsonen bultzada atzean izanda jokatzea eta berriz, teorian neutrala den zalego baten aurrean egotea.
Baina behin gertatu baldin bada, zergatik ez birritan? Urtz taldeak "Ez gaitu inork geldituko” kantan abesten zuen moduan: zaila bada, ez da ezinezkoa. Beldurrik gabe, konplexurik gabe, sariaz gozatzeko ametsarekin kantxaratu behar dira Rouselle, Rodriguez, Schreiner, Rigo, Cruz, Martinez, Balvin, Sulejmanmovic, Haws, Lamers, Bouteillle eta Kulboka.