Berriro abian

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2020ko eka. 17a, 18:15

Gaur hasiko da Valentzian ACBk liga bukatzeko sortu duen fase finala.

Pasa den martxoaren zortzian jokatu zen ligako azken jardunaldia eta Bilbao Basketek garaipen argia lortu zuen Obradoiroren aurka (99-72) sailkapenean bosgarren postua lortuz. Koronabirusak eragindako larrialdi egoerak liga eten zuen eta maiatzaren 28an jakitera eman zen bezela, gaur hasiko da Valentzian txapelketaren fase finala.

Formatua hitz gutxitan laburbilduz, sei taldez osatutako bi multzo izango dira (Bilbao Basket, Baskonia, Bartzelona, Tenerife, Uniacaja eta Joventut baten; Real Madril, Zaragoza, Andorra, Valentzia, Burgos eta Kanaria Jandioa bestean) bakoitzean bost jardunaldi jokatuko direlarik. Hilaren 26an fase hori bukatuta, multzoetako lehenengo biek finalerdiak jokatuko dituzte eta ondoren finala azken norgehiagoka batean ekainaren 30ean.

Artikuluaren argazkian ikus ditzakezue “beltzezko gizonek” izango dituzten egutegi eta ordutegiak.

Txapelketa hasteko euskal derbia izango dugu ikusgai gaueko 21:30ean. Gaurkoak ez du zerikusirik ligako laugarren jardunaldian Miribillan jokatu zenarekin. Izan ere, partidahartan “beltzezko gizonek” 79-75 irabazi zuten. Oraingo talde gasteiztarra nahiko desberdina izango da, Ivanovicek Perasovicen lekua hartu zuelako eta bai Granger baita Vildoza ere jokatzeko prest egongo direlako.

Baskonia 16 jokalarirekin joan da Valentziara, beltzezko gizonak berriz 13, juniotaldeko Miguel Ruiz barne.

Eskuin oineko lesioa dagoeneko osatuta duen arren Mumbruk ez du Jaylon Brown txapelketan erabiliko eta Arnoldas Kulbokaren parte hartzea oraindik baieztatu gabe dago belauneko lesio batengatik. 

Bilbotarren entrenatzaileak adierazitakoaren arabera, lesioek eta Tyler Hawsen joakalariak alde egin izanak eragin garrantzitsua izango dute taldearen kanpoko jokoan hala eta guztiz ere, “beltzezko gizonak” denboraldi osoan bezala lehiakor arituko dira, bere burua txapeldun ikusi ez arren. 

Teorian Fontetan jokatuko duten hamabi taldeak egoera berdinean iritsiko dira lehiaketara, izan ere, guztiek denbora berdina daramate entrenatu eta jokatu gabe. “Beltzezko gizonek” ez dute ezer galtzeko, denboraldiko helburu nagusia, ACBen mantentzea alegia, txapelketa eten aurretik lortu baitzuten. Ea egoera berrira ondo eta laster moldatzen diren.

2020-2021rako prestatzen

Mailarik gorenean lehiatzeak ematen duen lasaitasunarekin, datorren denboraldirari begira erabakiak hartzen hasi dira Bilbao Basketen bulegoetan.

Europara bueltatuko dira “beltzezko gizonak” Basketball Champions League txapelketaren barruan. FIBA Nazioarteko Saskibaloi Federazioen Elkarteak antolatzen duen txapelketa da hau eta aldez aurretik  Euroligan aritutako beste talde batzuk ere ageri dira (Limoges, Galatasaray, Darüssafaka eta Lietuvos Rytas adibidez).

Proiektuak egonkortasuna izan dezan garrantzitsua da urtetik urtera bloke bat eraikitzea (aurreko parrafoan adierazitakoak ere laguntzen du) eta badirudi Rafa Pueyo buru den Kirol Zuzendaritza horretan dabilela: momentuz ofizial egin dira Mumbru, Balvin, Rouselle, Kulboka eta Brownen kontratuen luzapena. Antza denez, kontratu berritze gehiago egongo dira (baita agurrak eta fitxaketak ere).

Jose Manuel Cortizasek “El Correo” egunkarian pasa den hilaren zortzian argitaratu zuen artikulu baten arabera, Rigo, Serron, Lammers eta Sulejmanovicek ere euren kirol ibilbidea “beltzezko gizon” moduan jarraituko dute hurrengo denboraldi edo denboraldietan; Rafa Martinez, Schreiner (denboraldi honetako bi kapitainak) Sergio Rodriguez eta Ivan Cruz taldetik kanpo geratuko lirateke eta, Ludde Hakanson, Alex Reyes eta Felipe Dos Anjos izango lirateke aurpegi berriak datorren denboraldian. Artikulua kaleratu eta egun batzuetara, beste izen bat eman zen aditzera “beltzeko gizon” berri moduan: Jaroslaw Zyskowski.

Jokalari asko protagonista uda guztietan moduan. Apurka jakingo dugu zurrumurruak egi bihurtzen diren ala ez.

 

Argazkia: Bilbao Basket