Orain gutxi Valentziako “burbuilean” bukatu zen 2019-2020 denboraldia eta ia konturatu gabe, abian da jada hurrengoa.
Ekainetik hona Bilbao Basketek aldaketa nahiko izan ditu bere “rosterrean”, batzuk ezustean gainera. Thomas Schreineek, Rafa Martinezek, Ivan Cruzek, Sergio Rodriguezek, Ben Lammersek eta Emir Sulejmanovicek agur esan zuten eta euren ordez Ludde Hakanson, Jaroslaw Zyskowsky, Aaron Jones, Kingsley Moses, Alex Reyes eta Felipe Dos Anjos heldu dira Bilbao Arenara.
Aurredenboraldi laburra izan ostean (sei partidu, garaipen bakarra eta bost porroteko balantzearekin) “pieza” berriek ez dute ia denborarik izan Mumbruren sistemetan.
Beltzezko gizonek pasa den larunbatean denboraldia hasi zuten Porfi Fisacen Kanaria Handiari bisita eginda. Momentuz eta bihar gaueko 21:45etan gertatuko den bezala, zalerik gabe.
Hasierako 0-2an izan ezik, bilbotarrak markagailuan atzetik ibili ziren norgehiagoka osoan, baina iaz argi eta garbi ikusi zen moduan, Mumbruren mutilak ez dira amore ematen duten horietakoak eta etxeko taldeari gauzak estu jarri zizkioten, hori baita “beltzezko gizonen” sena, azken segundura arte lehiatzea.
25-19, 28-24 (53-43 atsedenaldian) 30-34, 15-21 eta 9-4 izan ziren partzialak. Norgehiagoka osoan emandako irudia oso ona izan zen arren, indarrez justu heldu ziren bilbotarrak luzapenera. Horretaz gain partiduko gako nagusia etxekoek hiruko jaurtiketetan izandako ehuneko altua izan zen.
Bakarkako estatistikei erreparatuz, Ondrej Balvin izan zen onena balorazioan, 32 punturekin (lortutako 18 puntu, 9 errebote eta 3 asistentzien ondorioz). Ludde Hakanson izan zen saskiratzailerik nagusiena 22 puntu lortuta. Bi hauekin batera Jonathan Rouselle kapitaina (17 puntu), Arnoldas Kulboka (16 puntu) eta Jaylon Brown (10 puntu) nabarmendu behar dira.
Kanaria Handian Costello 19 punturekin, Okoye eta Della Valle 18na punturekin (lehenak zazpitik bost hiruko sartuta), Burjanadze (14), Beiran (11 puntu, 7 errebote) eta Wiley (11 puntu) izan ziren onenak.
Behin martxa hartuta, denboraldiko bigarren jardunaldiko lehia bihar izango dute Mumbrurenek “beltzezko gizon oihez” josita dagoen taldearen aurka. Haien artean Txus Vidorreta, Marcelinho Huertas, Sergio Rodriguez, Georgios Bogris eta Dejan Todorovic. Azken honek aurredenboraldian lesio larria izan zuen eta zail du kurtso honetan parte hartzea. Tenerife izango da arerioa. Arestian aipatu moduan, 21:45tan hasiko da norgehiagoka (ordutegi oso arraroa; telebista kontuak).
2020-2021 denboraldiko dortsalak
Aurpegi berriak ezagutzen hasteko, hona hemen zenbakien lista:
1 Jaroslaw Zyskowsky
2 Jonathan Rouselle (kapitaina)
3 Jaylon Brown
6 Iñigo Betolaza
7 Tomeu Rigo
8 Alex Reyes
12 Ondrej Balvin
13 Felipe Dos Anjos
18 Quentin Serron
22 Ludde Hakanson
33 Kingles Moses
34 Aaron Jones
98 Arnoldas Kulboka
Argazkia: Bilbao Basket