Hasiera aldatu berdin bukatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2020ko aza. 16a, 19:05

Beste behin ezinean ibili ziren "beltzezko gizonak" eta zortzigarren porrota jaso zuten ligan, Murtziaren kontra (63-73)

Murtziak garaipena lortu zuen atzo Bilbao Arenan (63-73), lehenengo laurdenean izan ezik beste hiruretan nagusi izan ostean. Lehenengo hamar minutuen bilakaera ikusita, bazirudien azkenik “beltzezko gizonek” aspaldiko partez garaipen bat lortzeko bidea eta modua aurkitu zutela. Izan ere, Mumbruren jokalariek aurreko norgehiagoketan ez bezala, kontzentratuta kantxaratu ziren, defentsan serio (Sito Alonsoren mutilen lehenengo saskiratzea ia bost minutu igarota heldu zen) eta erasoan nahiko txukun, 8-0eko partziala lortuz eta laurdena 17-9 bukatuz.  

Baina hortik aurrerakoa oso bestelakoa izan zen: bigun defentsan (Murtziak 11 errebote hartu zituen erasoan; atera kontuak) eta erasoan konexio eta ordenik gabe ibili ziren etxekoak. Kanpotarrrek hiru laurdenak irabazi zituzten, 15-21 (atsedenaldira Bilbao Basket elektronikoan aurretik joan zen 42-40), 12-19 eta 19-24, bukaeran hamar puntuko aldea ezarriz (63-73).

Errebotean ez ezik, biko jaurtiketetako ehunekoan hobeto jardun ziren kanpotarrak (%40-%55) baloi gutxiago galdu (19-14) eta orokorrean sentsazio hobeak transmititu zituzten Alonsorenek. Murtziarrak Burgosen aurka irabazita zuten lehia galduta heldu ziren Bilbao Arenara (23 puntuz goitik ibili ziren) eta momentu aproposa zirudien Bilbao Basketentzat denboraldiko bigarren garaipena eskuratzeko, baina nahi eta ezin.

Bakarkako zenbakiei erreparatuz, ez dago gauza positibo askorik: Zyskowskiren 15 puntuak (lesionatuta ibili da azken asteetan), Rousellen 11ak, Balvinen 8 puntu, 10 errebote eta 3 txapelak (frantziar eta txekiarra dira txapelketaren hasieratik erregulartasuna mantentzen duen bakarrenetarikoak), eta heldu berria den Huskicen 8 puntuak. “Beltzezko gizonek” ez dute oraindik talde izaera lortu.

Beste aldean, Frankamp (23 puntu) izan zen bere taldeko eta partiduko izarra. Berarekin batera Cte (12 puntu, 6 errebote), eta Davisek (10 puntu) lan txukuna egin zuten.

Nahiz eta oraindik txapelketa luzea izan, garaipenak ahalik eta lasterren pilatzea beharrezkoa da “beltzezko gizonentzat”. Larunbatean arratsaldeko 18:00etan ere ligako aurkaria eta garaipen bakarrera dagoen Betisen kontra jokatuko du Sevillan. Dinamika txarrari buelta ematen hasi eta taldearen konfiantza berreskuratzeko oso baliagarria izango litzateke norgehiagoka irabaztea.

 

Argazkia: Bilbao Basket