Gorabehera gehiegi

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2020ko abe. 7a, 16:59

Denboraldi osoan zehar jasaten ari den irregulartasunak ez zion beste behin mesederik egin Bilbao Basket taldeari, eta puntu batengatik galdu zuen atzo Estudiantesen aurka (77-78). Hori gutxi balitz, arratsaldean Ondrej Balvin eta Quentin Serron jokalarien lesioak ezagutzera eman zituen taldeak. Biek ala biek sei-zortzi aste beharko dituzte kantxetara bueltatzeko.

Ez da denboraldi erreza izaten ari “beltzezko gizonentzat”. Emaitzak ez dira batere onak (2/10 ACB ligan eta BCLen 0/2) eta horrek jokalariengan eragina du, nahiz eta haiek aitortu ez.

Jokoan islatzen da hori. Izan ere, lehietan hartutako abantaila ez da mantentzen eta markagailuan behetik joanda gutxitan lortzen da emaitza iraultzea. Betisen kontrako garaipenak arnas apur bat ekarri zuen baina selekzioetako partiduak jokatzeko FIBAk behartutako atsedenaldiak ez dio batere mesederik egin talde bilbotarrari.

Norgehiagoka horietako batetik Ondrej Balvin lesionatuta itzuli da eta ondorioz ez zituen joan den asteko bi partiduak jokatu, Andorraren kontra ostegunean eta atzo Estudiantesen aurka. Quentin Serron jokalariarekin batera beste sei edo zortzi aste egongo da kantxan taldekideak lagundu gabe duela lau eguneko lehian lesionatu baitzen.

Rosterrean ere aldaketa nabariak egon dira azken bi asteetan: Goran Huskic serbiarra eta Regimantas Miniotas lituaniarra heldu dira Aaron Jones eta Kingsley Moses jokalarien agurrak behartu ditu.

Lehena Cholet talde frantziarrean arituko da eta bigarrenak, oraindik ofizial egin ez den arren, AEK talde greziarrean jokatuko du. Mumbruren agindupean denbora gutxi egon arren, lan txukuna egin dute, batez ere atzoko lehian (beherago irakurtzeko aukera izango duzue).

Aldaketak eta ezbeharrak direla medio, “beltzezko gizonek” ez dute aste lasairik izan lehiak prestatzeko eta jokatzeko. Dena den, norgehiagokak aurrera ateratzen saiatzen ari dira.

Atzo Estudiantes zuten bisitari Miribillan. Kartoizko argazkiek ez dute “marea beltzaren” berotasunik ematen eta, aurreikusten zen moduan, lehia estua izan zen hasieratik, markagailu estua, ehuneko baxuak… borrokarako prest egon beharreko horietakoa.

Lehenengo hamar minutuak 15-16ko markagailaurekin bukatu ziren; bigarrenean ondo baino hobeto hasi ziren gauzak etxekoentzat 8-0eko partziala lortuz. Atsedenaldirako hiru minuturen bueltan, 19-5ekoa zen baina, defentsako akatsek eta kanpotarren hirukoek 1-16ko partziala ahalbidetu zuten. Aldageletara bidean, elektronikoak 35-37koa erakusten zuen eta Mumbruren mutilek lehia euren aldera eramateko aukera galdu zuten.

Hirugarren laurdenak ez zuen aldaketa askorik ekarri partiduaren nondik norakoan, Estudiantes taldeak 19-23 irabazi baitzuen (54-60). “Beltzezko gizonen” erreakzioa arin heldu zen, lau minututan 66-65koa jarriz. Hortik aurrera saskiratzeak bi aldeetan eta 13 segunduren faltan erabakiorra suertatuko zen jokaldietako bat (aurretik Rousellen bosgarren falta izan zen moduan): Zyskowskik bi jaurtiketa libre izan zituen markagailua 77-76 bilbotarren aldekoa zenean. Bietan kale egin ostean, kanpotarrek errebotea hartu, kontraerasoan korrika egin eta errebote bat hartu ostean segundu eta erdiaren faltan 77-78koa lortu zuten. Beste behin, ertzean itota.

Banan-banango estatistikei erreparatuta hauek dira nabarmendu ziren jokalariak:

Alex Reyes: 21 puntu, 5/6 hirukoetan

Goran Huskic: 15 puntu, 7 errebote eta 19ko balorazioa

Regimantas Miniotas: 10 puntu, 5 errebote

Jaylon Brown: 10 puntu, 5 asistentzia

Jonathan Rouselle 6 asistentzia, 5 errebote

Aipatzekoa ere, Nahuel del Val juniorrak “beltzeko gizon” moduan debuta egin zuela zortzi segundu jokatuta.

Estudiantesen baitan, Abramovic (26 puntu), Roberson (16 puntu) eta Arteaga (15 puntu, 8 errebote) izan ziren onenak.

Ez dago etenik eta bihar arratsaldeko 20:30ean Basketball Champions League-en barruan Fortitudo Bologna taldeari egindo dio bisita Bilbao Basketek eta ACB ligan egoera berdinean dagoen Zaragozaren aurka jokatuko du etxetik kanpo igandean 17:00etan.

Denbora geratzen da oraindik egoera apurka-apurka hobetzeko.

 

Argazkia: Bilbao Basket