Konfiantza sendotzeko garaipena

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2020ko abe. 9a, 20:14

Norgehiagokaren azkenengo segunduetan burua hotz mantentzea eta, batez ere, hirugarren laurden bikain bat izan ziren txanpona "beltzezko gizonen" alde jausteko gakoak (64-69).

Kostata baina aspaldiko partez Bilbao Basketek garaipena lortu zuen, lehenengoa Basketball Champions League txapelketan. Lehia nahiko itsusia izan zen ikuslegoarentzat, erritmo geldoan jokatutakoa, borrokatua... jokaldi guztiak zeharo landu beharreko horietakoa. Eta denboraldi osoan zehar ohikoak bihurtu diren gorabeherak eduki arren, talde bilbotarrak ondo baino hobeto kudeatu zuen bere alde izan zuen alde apurra.

Fortitudo Bologna eta Bilbao Basketen ibilbideak oso berdintsuak izan dira orain arte:diru arazoak, garaipen gutxi… eta atzoko partida parekatua izango zela aurreikusten zen, eta horrela suertatu zen: markagailua baxua bezain estua izan zen lehia osoan zehar, gehienez italiarrek zortzi puntuko abantaila izan baitzuten. Gainera, errebotearen jabe izan ziren eta hirugarren laurdena 5-17 irabazi zuten. Besteak beste azken segunduetan Brownen hiruko bat eta Hakansoen jaurtiketa libre erabakiorrak sartu zituztelako izan ziren garaile.

Talde osoa nahiko txukun ibili zen orokorrean baina jokalari bat nabarmendu zen besteen gainetik (ez bakarrik 2’18 metroko altuera duelako) “beltzezko gizonen” baitan: Felipe Dos Anjos. Brasildar gazteak Ondrej Balvinen lesioa dela medio, minutuak pilatu ditu azken hiru norgehiagoketan (atzokoa barne) eta ondo baino hobeto aprobetxatu zuen atzoko aukera: 11 puntu, 10 errebote eta 2 baloi lapurtu zituen.

Berarekin batera Brown (11 puntu), Huskic (9 puntu, 6 errebote), Miniotas (8 puntu, 8 errebote), eta Hakanson (8 puntu, 8 asistentzia) jokalariak aipatu behar dira.

Etxeko taldean Happ (19 puntu, 10 errebote), Aradori eta Saunders (12na puntu eskuratuta) izan ziren onenak.

Honek ez du etenik eta ACB liga bueltan izango da igandean, izan ere Bilbao Basketek Zaragozari egingo dio bisita. Oso garrantzitsua den lehia arratsaldeko 17:00etan hasiko da. Biek ala biek garaipena dute helburu, pixkanaka bada ere beheko zulotik burua ateratzeko.

Espero dezagun atzoko garaipenak taldearen baitan konfiantza sendotzeko balio izatea.

Argazkia: Basketball Champions League