“Zenbat aldatzen diren gauzak urte batean” esaldia askotan irakurri, entzun eta esango dugu datorren asteotan gure bizitza aldatu duen birusaren berri izan genuelako duela ia hamabi hilabete. Bilbao Basketen baitan ere egoera zeharo desberdina da, iaz Kopa jokatzeko sailkatu bait zen data hauetan (norbaitek eskuak burura eraman baino lehen, ez nabil mundu mailan hildakoak eragin dituen pandemia kirol ibilbide batekin parekatzen ari, azken hau hutsala delako bestearekin alderatuta).
Talde erdiaren aldaketa, lesioak, norgehiagoka batzuetan izandako tentsio falta (defentsan batez ere), Bilbao Arenan “marea beltza” ez egoteak eragindako babes eza... faktore asko daude.
Egoera aldatzen hasi eta sailkapeneko azken postutik ateratzeko bidea prestatzeko hiru aste dituzte “beltzeko gizonek”, ideiak lantzeko eta arnasa hartzeko ligan buru-belarri aritzeko. Erronka (eta helburua) hurrengo hiru norgehiagokak jarraian irabaztea da, ACB ligan geratzeko arerio zuzenen aurka bait dira: garaipen kopuru bera duen Gipuzkoa Basket eta partidu bat gehiago irabazi duten Betis eta Estudaintes bata bestearen segidan.
Lehiak irabazteak onura bikoitza ekarriko luke: putzurik ateratzea eta txapelketaren amaieran erabakiorra suertatu daitekeen basket-averagea” alde edukitzea, izan ere taldeen arteko lehietan iznadako aldea hartzen da kontuan sailkapeneko postuak erabakitzkeo orduan. Mumbrurenek donostiarren kontra puntu batengatik irabazi zuten, zazpigatik andaluziarren kontra gailendu eta puntu batengatik galdu madrildarren aurka. Topikoak dio partidu bakoitza desberdina dela eta aurrekariek ez dutela askorako balio. Baina datuak hor daude eta kontuan hartzekoak dira.
Aspaldiko partez Mumbruk, Serronen salbuespenarekin, jokalari guztiak izango ditu norgehiagokak prestatzeko hurrengo hiru asteetan. Jokaldiak eta sistemak lantzeaz aparte, taldearen animoa berreskuratzea funtsezkoa da. Egoerari buelta ematea zaila bada ere, ez da ezinezkoa.
Argazkia: Bilbao Basket