Baliteke ondorioak ateratzeko goiz izatea baina larunbatean Donostian ikusitakoaren arabera, txapelketak izandako hiru asteko geldialdiak mesede handia egin dio Bilbao Basketi. Euskal derbia aspaldi ez bezala talde moduan jokatu zuten bilbotarrek, defentsan sendo eta ederto jaurtiketetan (%90a batekoetan, %61a bikoetan eta, batez ere, %64a hirukoetan). Nabarmentzeko beste datu bat: Mumbrurenek ez zuten jardunaldiz jardunaldi izaten ari ziren hiruzpalau minutuko deskonexioa izan eta berrogei minutuz lanean fin ibili ziren, partzialak hurrengoak izanik: 21-24, 15-18 (36-42 atsedenaldian), 17-24 eta 21-31 lehia bukatuta elektronikoan 74-97koa ezarriz. Larunbateko norgehiagokak ez zuen Miribillan jokatutakoaren antza izpirik izan, azkenengo segunduan gipuzkoarrek garaipena lortzeko jaurtiketa hutsegin zutelako.
17na puntu eta 26ko balorazioa lortuta, Ondrej Balvin eta Ludde Hakanson izan ziren “beltzezko gizonik” onenak. Pibot txekiarrak 7 errebote, asistentzia bat, lapurtutako baloi batekin eta txapel batekin borobildu zuen bere partidua eta joko antolatzaile suediarrak saiatutako jaurtiketa guztiak sartzeaz aparte (biko bat eta bost hiruko), hiru errebote hartu eta bost asistentzia banatu zituen. Rouselle kapitainaren hutsunea ederto bete zuen. Eurekin batera Jaylon Brown (15 puntu, 4 asistentzia), John Jenkins (13 puntu,4 errebote, 2 asistentzia) Zyskowski (11 puntu) nabarmendu ziren.
Marcelo Nicolak zuzendutako taldean Dee (12 puntu), Faggiano (11 puntu), Radoncic (10 puntu, 5 errebote) eta Tomas “beltzezko gizon” ohia (9 puntu, 5 errebote) nabarmendu ziren.
Lehia hasi baino ordu batzuk lehenago aditzera eman zen "beltzezko gizonen" informazioa helarazten zuen El Correoko Jose Manuel Cortizas "Corti" Covid-19ak jota zendu zela 58 urtekin. Minutu bateko isilunea gorde zen norgehiagoka hasi baino lehen eta taldeak garaipena eskeini zion.
Donostian putzutik ateratzeko lehenengo urratsa besterik ez zen izan. Hurrengo erronka igandean eguerdiko 12:30ean izango da. “Beltzezko gizonek” Betis izango dute bisitari. Lehenengo itzulian Mumbrurenek sei puntugatik gailendu baziren ere, ez dago erlaxatzeko betarik sailkapeneko beheko postuetatik aldendu nahi badute.
Argazkia: Bilbao Basket