Gorabeherak

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2021ko api. 6a, 18:44

Zurigorriz jantzita aritu ziren “beltzezko gizonen” defentsa bigunak, Manresaren garaipena erreztu zuen (96-108).

Manresak estuasun handirik gabe bereganatu zuen garaipena pasa den larunbat arratsaldean. Konturatu orduko, bilbotarrak 80 puntu baino gehiago jasoak zituzten eta hirugarren laurdenean gehienez 19koa izan zen aldea. Azken hamar minutuen hasieran 5era murriztu arren, erreakzioa oso berandu heldu zen.

Mumbrurenek erakutsitako defentsa biguna izan zen porrotaren gako nagusia. Zenbakiek ez dute zalantza izpirik uzten: 27-31, 19-27 (46-58 atsedenaldian), 25-28 eta 25-22 (amaierako 96-108a ezarriz). Lehenengo laurdenean ikusitakoaren arabera, kanpotarren defentsa ere ez zen batere ona baina Mumbrurenek ez bezala, Pedro Martinezenek azkar konpondu zuten arazoa, erasoko eraginkortasunik galdu gabe. Badakigu saskibaloi partiduetan edozer gerta daitekeela eta norgehiagoka txarra jokatu arren batzuetan inspirazio minutu gutxi batzuek markagailuari buelta ematea ahalbidetzen dutela, baina hori ez da askotan gertatzen. Hogeita hamar minutuetan 86 puntu jasotzea zama handiegia da edozeinentzat.

Asistentziak ere talde baten eta bestearen errendimenduaren isla dira eta, honetan ere, kanpotarrak hobeak izan ziren: 16-27. Pedro Martinezen mutilek baloia ederto mugitu zuten erasoan eta hori baliatuz puntu asko lortu zituzten.

Zifrekin jarraituz, Bilbao Basketen baitan Ondrej Balvin izan zen onena. Txekiarrak 21 puntu, 12 errebote, 2 asistentzia eta berari eginiko 9 faltekin (azken datu hau ere balorazioan kontuan hartzen da) norgehiagokan ez ezik, jardunaldiko jokalaririk nabarmenena izateko balio izan zitzaion 36ko balorazioa lortuta, garaipena Bilbao Arenatik joatea ekiditu ez zuen arren. Berarekin batera, Jenkins (17 puntu), Hakanson (14) eta Zyskowski (10) ere nahiko ondo jokatu zuten.

Manresa, Simak eta Eatherton (21na puntu; lehenak gainera 5 errebote hartuta, 3 bigarrenak), Hinrichs (18 puntu, 5 errebote, 4 asistentzia) eta Ferrari (15 puntu, 6 asistentzia) nabarmendu ziren.

Sailkapeneko beheko postuetan dauden taldeen arteko aldea oso txikia da “beltzeko gizonen” mesederako. Egia da baita ere, jardunaldi gutxi geratzen direla fase erregularra bukatzeko eta garaipenak lortzea ezinbestekoa izango dela hemendik aurrera. Bilbotarrentzat hurrengo lehia hilaren 15ean Malagan izango da gaueko 21:15etan 31. jardunaldiaren barruan (aste honetan atsedena egokitu zaie).

Argazkia: Bilbao Basket