Fase erregularra bukatzeko zazpi jardunaldiren faltan gauzak zail jarri zaizkie “beltzezko gizonei”, behar gorrian daudela esan daiteke. Pasa den ostegunean hogeita hamar minutuz lehia nahiko txukuna jokatu zuten boteretsuagoa den Unicajaren aurka (elektronikoak laurden bakoitzaren bukaeran 18-22, 35-38 eta 58-60 erakusten zuen) baina azken laurdenaren hasieran izandako akats propioen eta etxekoen indarraren ondorioz aurretik egindako lan guztia bertan behera geratu zen. Amaierako emaitza, 88-74 (30-14 azken hamar minutu horietan), ez da kantxan ikusitakoaren benetako isla baina logikak ezartzen zuena gertatu zen.
Azken norgehiagoketan bezala, Mumbruren mutilen artean Ondrej Balvin izan zen onena 16ko balorazioa lortuta (8 puntu, 7 errebote, 4 asistentzia). Txekiarrarekin batera Jaylon Brown (16 puntu), Jaroslaw Zyskowski (10 puntu) eta Regimantas Miniotas (9 puntu, 8 errebote) nabarmendu ziren.
Fotis Katsikarisek zuzendutako taldean, Brizuela izan zen onena. Gipuzkoarra bilbotarren aurka esnatzen dela edo beste norgehiagoketan ez bezala, duen guztia ixten du kantxan. Ostegunera arte batez beste 11 puntu zituen sartuak eta, “beltzezko gizonen” aurka 31 lortu zituen (lehenengo itzuliko lehian 15). Berarekin batera Abromaitis (15 puntu), Alberto Díaz “beltzezko gizon” ohia, Waczynski eta Fernandez (hirurak 9na puntu sartuta) ere norgehiagoka txukuna jokatu zuten.
Porrota gutxi ez balitz, Gipuzkoa Basket Burgosi gailendu zitzaion pasa den astean eta asteburuan Betisek gauza bera egin zuen Estudiantesen aurka. Honek ez dio mesederik egin Bilbao Basketi izan ere zazpi jardunaldiren faltan bi garaipenera baitu salbazioa. ACB ligan jarraitzeko gutxienez hiru garaipen beharko direla aurreikusten da eta, egutegiak baikor izateko arrazoi askorik ematen ez duen arren, azken jardunaldietan ezusteko nabariak izan dira eta ostegunean jokatu zuten moduan jokatuta garaipenak helduko dira.
Ioannis Athinaiou “beltzezko gizon” berria
Joko antolatzaile greziarrak 32 urte ditu, 1’92ko altuera eta etxeko ligan ibili ostean (AEK, Panathinaikos, Olympiacos, Aris, Panonios, Promitheas…) Akileseko tendoian lesioa duen Jonathan Roussellen lekua betetzera dator denboraldia bukatu arte.
Argazkia: Bilbao Basket