Sufritzera kondenatuak

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2021ko api. 24a, 13:38

Bilbao Basketek ez zuen Teneriferen aurka irabazteko aukerarik izan (86-67)

Sei jardunaldi falta dira ligako fase erregularra bukatzeko eta Bilbao Basketek sailkapenaren putzuan jarraitzen du. “Beltzezko gizonek” duten egutegia ez da batere xamurra eta, teorian behintzat, baikor izateko arrazoi askorik ematen ez duen horietakoa. Egoera larrian daude Mumbruren mutilak eta datorren urtean mailarik gorenean jarriaitzeko hiru garaipen behar izango dituzte.

Horietako lehenengoa lortzeko Tenerife ez zirudien lekurik aproposena baina lehenengo laurdenean itxura ona eman zuten zuriz jokatu zuten “beltzezko gizonek”, markagailuan goitik bukatu baitzuten (20-23). Baina hortik aurrera Vidorretaren mutilek etxean duten sendotasuna erakutsi zuten, beste hiru laurdenetan hobeak izan ziren, batez ere bigarrenean eta hirugarrenean: 17-9 (37-32 atsedenaldian), 28-15 (65-47) eta 21-20 (amaierako 86-67a). Logikaren pisuak eta bilbotarren akatsek lehia erabaki zuten; daturik esanguratsuenak hurrengoak dira: Huertas eta Fitipaldoren artean Bilbao Basketek adina asistentzia banatu zituzten, hamaika (Tenerifek guztira 18) eta bere taldearen ia puntuen erdia sartu zuten (24 lehenak, 18 bigarrenak). Bi joiko antolatzaileek aise menderatu zuten lehiaren erritmoa. Guerra (14 puntu) eta Shermadinik (12 puntu) ere norgehiagoka oso ona jokatu zuten.

Bilbao Basketen erreferentzia beste behin (bere selekzioarekin lesionatu ez balitz taldearen egoera zein izango zen pentsatzea fikziozko ariketa da) Ondrej Balvin izan zen. Txekiarrak 14 puntu, 5 errebote, 2 asistentzia eta 18ko balorazioa lortu zituen. Jenkinsek 11 puntu lortu zituen eta bai Hakanson baita Miniotasek ere, 8na puntu (bigarrenak 7 errebote hartuta). Aipatzekoa ere Brownek min hartu zuela eta Ioannis Athinaiouren debuta.

Hurrengo norgehiagokak ere ez dirudi oso aproposa denik burua putzutik ateratzen hasteko, izan ere bihar iluntzeko 20:00etan Fontetan Valentziaren kontra jokatu beharko dute “beltzezko gizonek”, baldin eta lehia jokatzen bada. Izan ere Bilbao Basketek ohar batean adierazi zuen covid-19an bi postibo izan zirela lehenengo taldean. Ordu honetan ez dago ez talde bilbotarraren ezta ACBren aldetik ere norgehiagoka atzeratuko den berririk. 

 

Argazkia: Bilbao Basket