Datorren denboraldian ere ACB-n!

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2021ko mai. 24a, 13:08

Joventut taldeari 94-73 gailendu ostean elitean jarraitzeko postua bermatu zuten atzo “beltzezko gizonek”.

“Marea beltzak” ondo baino hobeto gogoratuko du Urrezko LEBeko lauko finala eta asteburu horretan Bilbao Arenan 10000 zaleek duela bi denboraldi sortutako giro, burrunba eta energia; egoera hura txiki geratuko zen atzokoarekin alderatuz “Miribillako infernua” betetzeko beta egon izan balitz.

2018ko ekainean mailarik gorenera bueltatzea garrantzitsua balitz, Urrezko LEBera ez bueltatzea ezinbestekoa zen. Zorionez helburua bete eta beste denboraldi batez ACB-n jokatuko dute “beltzezko gizonek”.

Sare sozialetan horrela adostu ondoren, nahiz eta harmailetan egoteko aukerarik ez izan, segurtasun eta osasun neurriak beteta, zaleak jokalari eta entrenatzaileak animatzera joan ziren Miribillara, euren babesa emateko. Baloia 12:30ean mugimenduan jarriko zen baina lehia bi ordu lehenago hasi zen eta (barkatu topikoa erabiltzea) hori izan zen talde bilbotarraren lehenengo saskiratzea.

Burgosek Estudiantes gainditu izana ez zuen bakarrik Bilbao Basketen etorkizuna euren eskuetan uzten, eurek sailkapenaren seigarren postua bermatu eta Joventut zazpigarrenean gelditzea behartzen zuen eta, hortaz, atzoko lehian ez zuten ezer jokoan. Baina lasaitasun horrek beldur apur bat sortzen zuen euren jokoa berdin-berdin erakutsi ahal zutelako. Eta horrela izan zen lehenengo hamar minutuetan behinik-behin.

Zenbaki hotzei erreparatuz gero, hauek izan ziren laurden bakoitzeko partzialak: 15-19 (John Jenkinsen bi hiruko eta Quentin Serronen beste batekin 9-0 hasi ostean), 26-22 (41-30), 34-14 (75-44; bai 31 puntuko aldea) eta 19-29 (amaierako 94-73). Gako nagusia 6’75 metroko marraz atzeko ehunekoa izan zen: %49a; 35 saiakeratik 17 sartu zituzten (taldeak bere historian zuen errekorra berdinduz).

Mumbruren jokalarien estatistikak begiratuta, zazpi jokalarik hamar puntu edo gehiago lortu zituzten: John Jenkins (13 puntu, 3 errebote), Ioannis Athinaiou (11 puntu, 3 asistentzia; baloraziorik onena 17rekin), Jaylon Brown (11 puntu), Arnoldas Kulboka (11 puntu, 3 errebote), Ondrej Balvin (10 puntu, 8 errebote), Quentin Serron (10 puntu, 5 errebote) eta Ludde Hakanson (10 puntu, 7 asistentzia).

Bilbao Basketen entrenatzaile izan zen Carles Duranen mutilen artean nabarmentzekoa Brodziansky-k (24 puntu) eta Bassasek (11 puntu) egindako lana.

Denboraldiko norgehiagoka erabakikorra zen eta jokalariek aurpegia eman zuten; egiari zor, txapelketako azken 11 egunetan jokaturiko bost partiduetan nahiz eta Kanaria Handia eta Real Madrilen kontra emaitza ona ez izan. Play-off kutsua izan du bukaera honek eta “beltzezko gizonak” garaile atera dira.  

Koronabirusak denboraldia baldintzatu du, gizartea bere osotasunean baldintzatu duen bezala eta kirol arloan sufritu ondoren azkenean ia miraria zirudiena lortu egin da. Bulegoetan lan handia egongo dela aurreikusten da, baina helduko da horren berri emateko ordua. Orain lortutako helburuaz gozatzeko momentua da: datorren denboraldian ere ACB-n!!!

 

Argazkia: Bilbao Basket/Aitor Arrizabalaga