Bilbao Arenako lehiak irabaztearen balioa

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2021ko aza. 15a, 22:35

“Beltzezko gizonek” denboraldiko hirugarren garaipena lortu zuten Obradoiroren kontra (80-76) eta jeitsiera postuetarik ateratzea lortu dute.

Miribillako berotasunetik urrun momentuz garaipenik lortu ez dutenez, etxeko lehiak irabaztea funtsezkoa da Mumbruk zuzendutako taldearentzat sailkapeneko estuasunak ekiditeko. Zaragoza eta Bartzelonaren kontra galdu ostean (bigarrena logikaren barruan sartzen da; lehenengoa intentsitate faltagatik gertatu zen) Fuenlabrada, Burgos eta atzo Obradoiroren aurka lortutako garaipenak ezinbestekoak suertatu ziren, hiru taldeak “beltzezko gizonen” arerio zuzenak izango direlako jeitsiera postuetatik alde egiteko lehian. Denboraldi osoan zehar gertatuko den moduan, eta aurreko bietan bezela, galiziarren aurkako lehian ere sufritu egin behar izan zuten, bai jokalariek, baita harmailetan bildutako 6812 zaleek ere.

 

Nahiz eta partiduko lehen saskiratzea Rafa Luzek lortu zuen, Moncho Fernandezenek 0-11ko partziala lortu zuten Mumbrurenek erasoan izandako ideia faltagatik eta defentsan erakutsitako biguntasuna aprobetxatu izanaren ondorioz. Apurka-apurka, etxekoak markagailuan hurbiltzen joan ziren, baina, oro har, lehenengo laurdena ez zen batere ona izan (12-16).

 

Bigarrenaren hasierak aurrekoaren gidoia jarraitu zuen. Kanpotarrek eroso jokatzen jarraitu zuten, eta Robertson eta Birutisen eskutik aldea hamaika puntura handitu zuten, elektronikoan 12-23koa ezarriz. Hor hasi zen bilbotarren susperraldia. Ludde Hakanson suediarrak hartu zuen aginte makila, eta bere gidaritzapean (eta taldekide guztien laguntzarekin) etxekoek markagailua iraultzea lortu zuten atsedenaldira heldu baino hiru minutu lehenago (32-31). Azkenengo minutu horietan talde biek puntuak pilatu zituzten, eta lehenengo zatiaren bukaeran 40nako emaitza jarri zuten. Aurreko hamar minutuetan ez bezela, puntu dezente lortu zituzten, bai Mumbruren taldeak, baita Fernandezenak ere.

 

Arauzko hamabost minutuko atsedenaren ostean Obradoiroren plana oso garbia zen: zonan Birutisen 213 zentimetroez baliatzea. Lituaniarra bere taldearen lider bihurtu zen, eta Withey ez zen bera gelditzeko gai. Hori izan zen galiziarren arma bakarrenetarikoa, ez zirelako 6´75eko marraz haratagoko jaurtiketetan batere fin ibili. Kantxaren beste aldean aldiz, Hakansonek puntuak pilatzen jarraitu zuen, eta berarekin batera, Goudelockenen agerpena (orain gutxi konfirmatu du taldeak soleoan haustura txikia duela) eta Masiulis-Miniotas bikotearen lana erabakiorra izan zen laugarren laurdenera hiru puntuko errentarekin heltzeko (60-57).

 

Bilbao Basketeko lituaniarrei Delgado batu zitzaien, eta guztien artean Birutis bost faltagatik kaleratua izatea lortu zuten. Azken txistua entzuteko hiru bat minuturen faltan, “beltzezko gizonek” erabakiorra zirudien zortzi puntuko errenta lortu zuten, baina, arestian esan moduan, lehia guztietan sufritu beharra dago. Ligako zenbait taldetan ibilitako Oliver beteranoa (43 urte) agertu zen aldea murritzeko, baina jaurtiketa librez jositako azken 21 segundu amaigabeen ostean garaipena etxean geratu zen, 80-76.

 

21 puntu (seitik lau hiruko sartuta), 2 errebote, 3 asistentzia eta 21eko balorazioa lortuta, Ludde Hakanson izan zen “beltzezko gizonik” onena. Berarekin batera, Bigote (11 puntu, 8 errebote), Rouselle (9 puntu), Delgado (8 puntu, 7 errebote) eta Miniotas (6 puntu, 7 errebote) nabarmendu ziren. Azken honi buruz azken orduetan zurrumurruak plazaratu dira. Antza, jokalariak berak taldea utzi nahi duela adierazi du, eta komunikabide eta kazetari batzuen arabera (solobasket webgunea, Herri Irratiko Jose Luis Blanco eta Deia egunkariko Jon Larrauri, besteak beste) Damien Inglis frantziarraren fitxaketa errealitate bilakatzetik hurbil dago. 26 urte eta 2’04ko garaiera duen hegal-pibotak Monacon jokatzen du.

 

Obradoiron Robertson (18 puntu), Birutis (16 puntu, 5 errebote), Okouo (14 puntu, 9 errebote) eta Oliverren lana (10 puntu) nabarmendu behar da.

 

“Beltzeko gizonen” hurrengo erronka Valentziaren aurka izango da. “Taronjaren” kontrako lehia larunbatean 20:45ean izango da. Hamaikagarren jardunaldia izango dena jeitsiera postuetatik kanpo hasiko du Bilbao Basketek, Obraodiro eta Burgosekin batera sailkapenean berdinduta eta Betis eta Fuenlabradak baino garaipen bat gehiagorekin. Turiako taldearen aurka irabaztea nahiko zaila da, are gehiago Obradoiroren kontra egin bezala 27 jaurtiketa libre saiatu eta 10 huts egiten badituzte “beltzezko gizonek”. Ez dirudi “La Fonteta” etxetik kanpo lehenengo garaipena lortzeko lekurik aproposena izango denik (orokorrean ez da erraza izaten inon); horregatik, “marea beltzaren” babespean ahalik eta gehien lortu beharko dira denboraldian zehar. 

 

 

Argazkia: Aitor Arrizabalaga/Bilbao Basket