Txanponaren bi aurpegiak

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2021ko aza. 22a, 19:52

Denboraldiko lehen zatirik onena jokatu ostean, zeinetan “beltzezko gizonek” 21 puntuko abantaila lortu zuten, bigarren zatian ez ziren errenta kudeatu eta Valentzia gelditzeko kapazak izan, eta azkenean lehia 16 puntuko aldearekin galdu zuten (100-84).

Ia sinestezina zirudiena gertatzeko zorian egon zen larunbat gauean Fuente de San Luis pabilioian. Agian, galtzeko ezer ez zutenez, beldur barik atera ziren “beltzezko gizonak”, eta denboraldi osoan zehar jokaturiko hogei minuturik onenak egin zituzten: 30-36 lehenengo laurdenean eta 11-21 bigarrenean, edo, beste modu batera esanda, 41-57 atsedenaldi luzera heltzerakoan. 16 puntuko abantaila 21ekoa izan ostean, ikusgarria benetan; Hakanson, Delgado eta Bigoteren lanak gidaturik, balentria lortzea posiblea zela zirudien. Gainera talde “taronjaren” etxeko ibilibidea ez zen batere ona, etxean lehia bakarra irabazita.

Baina errealitateak gogor astindu zituen Mumbruren mutilak. Nahiz eta hirugarren laurdena modu egokian hasi, indarrak eta inspirazioak soilik beste bost minutu iraun zuten, Dubljevic, Van Rossom, Prepelic eta lehia osoan zehar bikain ibili zen Pradillak nahikoa zela esan zuten arte. Peñaroyarenek defentsa sendotu eta erasoan jaurtiketa gehienak sartu zituzten, eta laugarren laurdenean markagailua iraultzea lortu zutenez geroztik ez zuten aginte makila askatu. Hirugarren laurdena 31-16 bukatu zen, hau da, hamar minututan aurreko hogeietan galdutakoa berreskuratu zuten ia, eta azken laurdenean 28-11 izan zen partziala. Bigarren zatian, guztira, 59-27. Norgehiagoka hitz batean laburtzeko, “zoroa” baino hoberik ez zait bururatzen. Tamalez, ez da “Fontetan” gisa honetako partiduak gertatzen diren lehnengo aldia; izan ere, pasa den denboraldian gidoia berdin-berdina izan zen.

14 puntu (6/6 biko jaurtiketetan eta 2/2 libreetan, jakinda arlo honetan portzentaia oso baxuak dituela), 6 errebote eta 19ko balorazioa lortuta, Angel Delgado dominikarra izan zen onena “beltzezko gizonen” artean. Berarekin batera, Valentin Bigote (19 puntu) eta Ludde Hakanson (15 puntu, 5 asistentzia) nabarmendu ziren. Aipatzekoa da, era berean, Damien Inglisen lana, taldekide berriekin egun bakarrez entrenatu ostean 8 puntu eta 3 errebote lortu eta indarra eta adorea erakutsi baitzituen. Tomeu Rigok minutu batzuk jokatu zituen hainbat lehia kantxetatik kanpo eman ostean, eta ikusi beharko da Rafa Luzen lesioa zertan gelditzen den. Eskerrak aste bateko etena dagoela ahalik eta lesionatu gehien berreskuratzeko (Alejandro Galan, Rigo bera, erdi erren dagoen Alex Reyes…). Inglis-Miniotasekin gertatu bezela, larunbateko lehia baino lehen Goudelocken hutsunea betetzeko Bilbao Basketek KC Rivers Real Madril eta Betiseko jokalari ohiarekin sinatuko duela plazaratu da sare sozialetan. Antza, aste honetan ofizial egingo da.

Valentziari dagokionez, Pradilla (21 puntu), Prepelic (19), Dubljevic (16 puntu, 10 errebote) eta Van Rossom (13 puntu) nabarmendu ziren. 

Arestian esan bezela, liga eten egingo da asteburu honetan, selekzioen partiduak direla eta. “Beltzezko gizonek” abenduaren 5ean, gaueko 20:00etan, igo berria den Breogan Lugo hartuko dute. Galizairrek taldean hiru covid kasu pairatu dituzte azken egunetan, eta horregatik ez zuten Joventuten aurkako lehia jokatzerik izan. Bi aste larunbatean izandako gainbeheraren arrazoiak aztertu (Valentzia Basket talde hobea dela eta ibilbide luzeagoa duela jakina da, baina hogeita bost minutuz menderatu zituzten) eta garrantzitsua den norgehiagoka prestatzeko.

 

Argazkia: Bilbao Basket