Askotan, araua ez den arren, zenbakiek argi eta garbi erakusten dute norgehiagoka baten osteko sentsazioak eta pasa den igande eguerdian Miribillan jokatutako euskal derbiaren ondorengoak oso txarrak izan ziren. Laurdene bilakaera hurrengoa izan zen: 14-20, 18-20 (32-40 atsedenaldian), 16-17 eta 19-12 bukaerako 67-69ko markagailua ezartzeko. Bilbao Basket eta Baskoniaren arteko emaitza orokorrean hiru laurden lehiatu ondoren ematen da. Aurreko datuak esanguratsuak ez balira, veste bat: hiruko jaurtiketak. Jaume POnsarnauren mutilek 23tik 3 bakarik sartu zituzten (%13ª) eta Pablo Lasorenek 27tik 6 (%22). ACB ligan oraindik ez da heldu NBA ligan ematen ari den hiruko “festarik” non talde batek lehia batzuetan 50 hiruko inguru jaurti eta %45tik gora sartzen duten, baina errekurtso ona izaten da beti 6’75 metroko marratik mehatxua izatea. Eta, aurreko zenbakiak ikusita ere, soilik bi punturengatik galdu zuten “beltzezko gizonek” azken urteetako Baskonia ahulenaren aurka.
Biek ala biek 3-6ko balantzearekin heltzen ziren derbira, zalantza askorekin eta hobetzeko asko zutela. Partidua ikusita ez Ponsarnauk ezta Lasok ere ez dute gauzak argiago ikusteko arrazoirik edukiko. Talde bilbotarraren entrenatzaileak, zeozer positiboa ikusi nahi badu, hori erreboteetan iznadako hobekuntza (nahiz eta kanpotarrek erasoko jokaldi baten segidan 4 errebote hartu) eta 15 puntu behetik Joan arren lehiatzen jarraitu zutela. Baina taldeak denboraldi hasieran erakutsitako indarra ez da azken asteetakoa. Eta hori berreskuratzea funtsezkoa izango da etorkizunean arazorik ez izateko.
Azken norgehiagoketan bezela, Tryggvi Hlinason izan zen “beltzezko gizonik” onena. PIbot islandiarrak 24ko balorazioa lortu zuen 17 puntu eta 6 errebote lortuta. Berarekin batera Harald Freyren lana nabarmendu beharrra dago, izan ere joko antolatzaile norbegiarrak 20ko balorazioa lortu zuen, 8 puntu, 2 errebote eta 7 asistentziekin. Beste taldekideek partidu nahiko eskasa jokatu zuten eta beste jokalari baten estatistikak jartzekotan, horiek Thijs De Ridderrenak izan behar dira, izan ere hegal-pibot bekgikarrak 8ko balorazioa, 8 puntu eta 8 errebote lortu zituen. Baina beste bietatik oso urrun.
Baskonian Chima Moneke (34ko balorazioa, 24 puntu, 8 errebote, 4 asistentzia) eta Tadas Sedekerskis (17ko balorazioa, 12 puntu, 6 errebote eta 4 asistentzia) eta Donta Hall (13ko balorazioa, 9 puntu, 7 errebote) nabarmendu ziren.
Jarraian galdutako lau partiduen ondoren, hurrengo laurak aproposak izan ahal dira sailkapenean eta, batez ere, taldearen animoan gorantza saltoa emateko. Jaume Ponsarnauren mutilen hurrengo arerioak Lleida (etxetik kanpo), Manresa (Bilbao Arenan), Koruña (etxetik kanpo) eta Andorra (MIribillan) izango dira. Ea “beltzezko gizonek” egoera hobetu eta zuzentzen duten.
Argazkia: Bilbao Basket