Talde lana, guztion lanaren batuketa. Horren ondorioz Jaume Ponsarnauren mutilek ACB ligan zazpigarren garaipena erdietsi zuten. “Beltzezko gizonak” Breogan eta Choleten aurka pairatutako porrot garratzak ahaztu eta sailkapenaren beheko postuetatik ahalik eta arinen aldentzen hasteko partidu bikaina egin zuten atzo, ia lehenengo itzulian Lleidak lortutako +18ko aldeari buelta emateraino.
Norgehiagokari ekin aurretik, 6na garaipenekin heltzen ziren bai etxekoak baita kanpotarrak ere eta bigarren itzuliko bigarren partidua izanda, partiduak irabaztearen premia areagotzen da. Bilbotarrak 8-0ko partziala lortuta hasi zuten lehia baina Gerard Encuentraren mutilak gauzak estu jartzeko kantzaratu zirela erakutsi zuten markagailua 12na lehenengo eta 20na gerago berdinduz, 16-17 aurretik jarri ostean. Hasieran bezela, bilbotarrek lehenengo laurdena bukatzeko 8-0eko beste partzial bat lortu zuten 28-20koa rzarriz.
Bigarren laurdenak veste gidoi bat izan zuen. Lleidak bere defentsa estutu zuen eta 2-11ko partziala lortuta markagailua iraultzeko gai izan ziren, 30-31, bere zaletuen gozamenerako (100 inguru, Bilbao Arenan bildu ziren 8264 pertsonen artean). Hori izan zen norgehiagokan “beltzezko gizonek” izan zuten momenturik txarrenak baina egoerari vuelta emateko kapaz izan ziren etxekoak atsedenaldira zazpi puntu goitik heltzeko, 48-41.
“Marea beltzak” bere taldearen hirugarren laurdenetan izaten dituen gainbeherei beldurra diotela asko esatea baldin bada ere, askotan eman da egoera hori non aurreko hogei minutuetako lana zapuzten duen. Atzo ez zen horrelakorik gertatu eta aldageletatik bueltan 11-3ko markagailua lortu zuten lehenengo lau minutuetan. Denbora aurrera Joan ahala. Partidua apurtzeko zorian zeudela zirudien izan ere azken laurdena hasteko minutu eta erdiaren bueltan, diferentzia 16 puntukoa zen Jaume Ponsarnaurenen alde baina kanpotarrek erreskadan lortutako sei punturen ostean 68-58 zen markagailua hogeita hamar minutu jokatu ondoren.
Hamar puntuko aldea zazpira hurbildu zuten Gerard Encuentraren mutilek, 68-61, baina hor bilbotarrek aurretik izandako intentsitarte eta seriotasuna berreskuratu zuten, defentsa sendotuz eta erasoan oso eraginkor izanda. Lleidak joaneko partiduan lortutako hamazortzi puntuko aldeari buelta ematea lortu zuten lehia bukatzeko 51 segunduren faltan +19 jarrita baina azkenean aldea 16koa izan zen, 91-75.
Arestian aipatu moduan, Bilbao Basketek talde bezela jokatu zuen atzokoan eta jokalariek lortutako zenbakiek argi eta garbi erakusten dute: Marvin Jonesek izan 25eko balorazioa, 22 puntu eta 5 errebote lortu zituen, Melwin Pantzarrek 20ko balorazioa, 11 puntu, 6 asistentzia eta 5 lapurketa, Harald Freyk 15eko balorazioa, 11 puntu, 3 errebote eta 4 asistentzia, Zoran Dragicek 14 balorazioa, 11 puntu, 4 errebote eta 4 asistentzia, Thijs De Ridderrek 12ko balorazioa, 14 puntu eta 6 errebote eta Tryggvi Hlinasonek 10eko balorazioa, 9 puntu eta 6 errebote lortu zituen.
Lleidaren baitan Luka Bozic (29ko balorazioa, 23 puntu, 8 errebote), Pierre Oriola (13ko balorazioa, 8 puntu, 8 errebote) eta Oriol Pauli (11ko balorazioa, 10 puntu, 5 errebote) izan ziren onenak.
Bilbao Basket garaipen “bikoitza” (lehia gehi basket averagea) lortzeko zorian egon zen arren, garrantzitsuena partiduak irabaztea da, denboraldi amaieran arerioekin lortutako aldeei erreparatzea ekiditzeko. Momentuz zazpi dituzte “beltzezko gizonek”.
Manresa izango da “beltzezko gizonen” hurrengo arerioa. Lehia Nou Congosten larunbatean arratsaldeko 18:00etan hasiko da.
Argazkia: Bilbao Basket/Aitor Arrizabalaga