Zaharrak berri. Zenbatetan errepikatu da atzoko egoera? Bai ACB ligan baita FIBA Europe Cupen askotan ikusi da, etxetik kanpo batik bat, Bilbao Basketen errendimendua ona izatetik oso urrun geratu dela. Eta hori gutxi balitz, lehenengo zati txukuna egin ostean gertatu ohi da.
Atzo final erdietako joaneko lehian askotan errepikatu den gidoia ikusi zen Dijonen kantxan. Lehenengo hamar minutuak oso serio, defentsan sendo, kontraerasoan ateraz eta puntuak pilatuz eta horren ondorioz lehenengo laurdena 14-21 Jaume Ponsarnauren mutilen alde bukatu zen. Zazpi puntuko diferentzia gehienez 9koa izan zen lehenengo zatian. Bigarren hamar minutuetan etxekoek intentsitatea igo zuten eta apurka.apurka markagailuan hurbiltzen hasi ziren atsedenaldian aldea bi puntura soilik murriztuz, 34-36 (laurdenean 20-15 irabazi zuten frantziarrek).
Atsedenalditik bueltan ez zen lehiarik egon, Frantziara “beltzezko gizonei” animoak emateko bidaiatu zuten Hirukoa taldeko zale batzuen kalterako.. Bilbao Basketeko jokalariak ideia barik geratu ziren erasoan eta defentsan ez ziren Laurent Legnamenen mutilen jokoa eteteko ahalmenik izan. Zenbaki hotzek hórrela adierazten dute: Dijonek bigarren zatian 43 puntu eskuratu zituen (23+20) eta Bilbao Basketek soilik 22 (9+13).
Bigarren hogei minu horietan bilbotarrek ez zuten inolako intentsitate eta tentsiorik erakutsi. Horren isla erreboteak izan ziren. Dijon altueraz Bilbao Basket baino talde txikiagoa da baina frantziarrek bilbotarrek baino 12 errebote gehiago hartu zituzten (40-28) saskibaloiaren arlo horretan nahia erabakiorra dela erakutsiz. Garaia izatearekin ez da nahikoa.
Hain partidu kaxkar baten ostean nahiko zaiula egiten da jokalarien lana nabarmendu edo aipatzea baina estatistikek hurrengoa esaten dute: Marvin Jones (812ko balorazioa, 8 puntu, 7 errebote), Thijs De Ridder (11ko balorazioa, 9 puntu, 4 errebote) eta Harald Frey (9ko balorazioa, 12 puntu, 5 asistentzia) onenak izan zirela. Muhammad-Ali Abdur-Rahkmanek sartutako 11 puntuak ere aipatu behar dira.
Dijonen Gregor Hrovat (23ko balorazioa, 18 puntu, 5 errebote, 3 asistentzia), Axel Julien (138ko balorazioa, 12 puntu, 7 errebote, 6 asistentzia) eta Markis McDuffie (13ko balorazioa, 10 puntu, 5 errebote) izan ziren onenak.
Norgehiagokak utzitako zapore txarraz aparte, kexkatzeko beste arrazoiak ere badaude: Marvin Jones eta Trygvvi Hlinasonek izan ahal dituzten lesioak, biak ala biak pibotak. Ipar amerikarrak belaun batean hartu zuen min eta islandiarrak biki batean. Bilbon egingo zaien frogek lesioen larritasuna argituko dute.
Markagailua iraultzea ez da ezinezkoa
Nahiz eta hori dirudien arren hau ez da azken urteetan modan dauden coach horietako batek (denek hobe esanda) esango lukeen motibatzeko esaldi bat, baiezkorra izateko datu bat aurkezteko baizik. FIBA Europe Cupen kanpoaraketa baten joaneko norgehiagoka 19 puntugatik galdu ostean markagailua irauli duen talde baten aurrekari bat dago: Bilbao Basket iazko denboraldiko final-laurdenetan. “Beltzezko gizonak” Polonian Legia Varsoviaren aurka 83-64 galdu ondoren Bilbon 81-53 irabazi zuten. Balentria errepikatzeko indarra eta kemena izango dute oraingoan? Bilbao Basket-Dijon partidua apirilaren 2an arratsaldeko 20:00tan jokatuko da.
Argazkia: Bilbao Basket