Talde konprometitua

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2025eko azaroaren 10a

Defentsa zorrotza, baloia partekatzea eta hirukoek "beltzezko gizonen" hirugarren garaipena ahalbidetu zuten (106-75) 
 

17 lapurtutako baloi, 29 asistentzia (Bilbao Basketen historian ligan izandako kopururik handiena) eta 16 hiruko sartuta 34 saiakeretatik. Jaume Ponsarnauren mutilek talde lan izugarria burutu zuten atzokoan sailkapenean berdinduta heltzen zen Zaragozari aise irabazteko. Atzean zorrotz eta aurrean zital aritu ziren bilbotarrak "marea beltzari" norgehiagoka polita eskeintzeko.
 
Lehenengo laurdena nahiko parekatua izan zen. Etxekoak ez zuten alde handirik lortzen, beti laupabost puntukoak eta Jesus Ramirezen mutilek aurretik jartzea lortu zuten arren (19-21) segundu gutxi batzuetan bakarrik egon ziren markagailuan agintzen. Lehenengo hamar minutuak 27-23 bukatu ziren bilbotarren alde. 
 
Bigarren laurdenean "beltzezko gizonek" aurrera pausua eman zuten defentsan intentsitatea igoz eta erasoan baloia ondo mugituz eta saskiratzeak bata bestearen atzetik lortuz. Kanpotarrek 11 puntu bakarrik sartu zituzten eta etxekoek 23 eta atsedenaldian 16 puntuko errenta lortuta (50-34) lehia euren alde apurtzen hasiak ziren.
 
Ez zen "beltzezko gizonen" gainbeherarik heldu hirugarren laurdenean eta norgehiagokaren gidoiak bere horretan jarraitu zuen. Aurreko hamar minutuetan bezela Jesus Ramirezen mutilak soilik 11 puntu sartzeko kapazak izan ziren Jaume Ponsarnaurenek defentsan sendo jarraitzen zutelako eta erasoan ere berdin jarraitu zuten, baloia partekatuz eta puntuak pilatzen, 28 hain zuzen ere. Azken laurdenaren atarian lehia erabakita zegoen, 78-45. 
 
Azken hamar minutuetan partziala 28-30koa izan zen Zaragozaren alde. Bilbotarrek diferentzia kudeatzearekin nahikoa zuten nahiz eta garaipena Miribillan geldituko zela argi zegoen. Etxekoen alderok nagusiena 35 puntukoa izan zen eta Zaragoza gehienez 28ra ekarri zuen aldea. Bukaeran 106-75 eta honenbestez "beltzezko gizonek" ligako hirugarren garaipena erdietsi zuten, Jaume Ponsarnauk entrenatzaile moduan irabazten duen 200. norgehiagoka.
 
Sei izan ziren balorazioan zenbaki bikoitza lortu zuten "beltzezko gizonak": Melwin Pantzar (30, 12 puntu, 2 errebote, 14 asistentzia, errekorra Bilbao Basketen historian ligako partidu batean), Justin Jaworski (21, 22 puntu, 4 errebote), Darrun Hilliard (16, 20 puntu, 3 asistentzia), Martin Krampelj (12, 10 puntu, 2 errebote), Bassala Bagayoko (11, 8 puntu, 3 errebote) eta Harald Frey (10, 6 puntu, 2 errebote, 4 asistentzia). 
 
Zaragozan onenak Santi Yusta (26ko balorazioa, 14 puntu, 5 errebote, 3 asistentzia), Devin Robinson (18ko balorazioa, 20 puntu, 5 errebote), Joel Soriano (12ko balorazioa, 12 puntu, 4 errebote) eta Marco Spissu (11ko balorazioa, 4 puntu, 5 errebote, 4 asistentzia) izan ziren. 
 
Pasa den astean Peristerin erakutsitako joko sendoari jarraipena eman zion atzo Bilbao Basketek jokalari guztien indarrak batuz. Hurrengo jardunaldian erronka handia izango dute Jaume Ponsarnaurenek igandean arratsaldeko 17:00etan Real Madrili bisita eginez. 
 
 
Argazkia: Bilbao Basket