Horrek guztiak, baina, baditu bere arazoak: hamaika aplikazio eta webgune agertu dira Sarean, berez iragankorrak diren zure irudi horiek deskargatu, eta irudiok iraunkor eta biral bihurtu ahal izateko. Instagram, Snapchat eta bestelako sare sozialek, jatorrian, erabiltzaileek igotako argazki edo bideoak babesteko xedea zuten. Facebook ahalguztidunak erositako aplikazioaren kasuan, adibidez, sare sozialean sortutako kontu oro, printzipioz, profil pribatu gisa jaiotzen da, eta, beraz, itxura batean, zure kontaktuek ezin dute igotzen duzuna zure baimenik gabe deskargatu edota berrerabili. Ordea, Googleren edo Appleren aplikazio-dendetatik osteratxoa egin besterik ez dago, ikusteko zein erraza den sare sozial horretatik kanpoko «egoerak» deskargatzeko inork horren berri izan gabe.
Izan ere, lineako denda horiek, edukiak deskargatzeko hamarnaka aplikazio eskaintzen dituzte. Zure kontua publikoa izan ez arren, hau da, hura ikusteko aukera zuk baimendutakoek bakarrik izan arren, zure jarraitzaileren batek zuk igotakoa bereganatu, eta biral egin dezake 10 minutu baino gutxiagotan.
Storiesig bezalako webguneek, esaterako, aukera ematen dute nabigatzailetik bertatik edukia deskargatzeko. Beharrezkoa duten bakarra da «istorioak» deskargatu nahi diren Instagrameko erabiltzailearen izena. Zure «istorioetara»igo dituzun irudiak lapurtu ahal dizkizute bi urratsetan, informatikan adituak izan gabe.
Beraz,argi izan: Instagramera igotzen duzuna (bai modu iraunkorrean, bai «Instagram Stories»era), azkenean, beste sare sozialetara helduko da, biral bihur daiteke eta orotariko erabiltzaileen profiletan gordeko da.
Zure profila eta pertsonaia publikoena desberdina dela uste baduzu ere, zure kontua zabalik badago, bertako edukiak edonon amaitu ahal du, eta ezagutzen ez dituzun pertsonek erabil dezakete zure baimenik gabe. Horrek ez du legea urratzen (ez bada zure izena aipatzen ez dutela), baina jendea gero eta gehiago harritzen da, ikustean Instagrameko edo WhatsAppeko bere «egoerak» (ustez iragankorra den horrek) modu iraunkorrean esekita amaitzen duela —baitaYouTuben ere, akaso!—.
«Zure kontua publikoa bada, eta zure profiletik hartutako eta partekatutako edukia sexuala edo bereziki babestutakoa ez bada, ez dago deliturik», diote Interneten eta jabetza intelektualean aditu diren abokatuek. Zure kontua publikoa izatea onartzen duzunean, onartu egiten duzu bertako edukia beste batzuek erabili ahal izatea —ezagutzen ez dituzun pertsonek ere bai—. Beste kontu bat da zure edukia hartu eta, hura partekatzerakoan, zure izena ez aipatzea: hori bada legez kontrakoa, zure jabetza intelektualaren aurka doalako. Hala eta guztiz, delitua egongo litzateke, bakar-bakarrik, edukia baliatuko balute etekin ekonomikoa lortzeko.
Printzipioz, abokatuek gomendatzen dutena zera da: zure eduki bat partekatu badute zure baimenik gabe, zoaz zuzenean hori egin duen kontuarengana, eta eskatu edukia kentzeko. Erantzuna ezezkoa bada, jarri kexa dena delako sare soziala kudeatzen duen administratzailearen aurrean, eta eskatu beste erabiltzailea blokeatzeko. Azken aukera litzateke epaitegietara jotzea: abokatuak kontratatzea eta horrelako kontuengatik auzitan hastea garestia izan daiteke, eta, gainera, ez daukazu bermatuta nahi duzuna lortuko duzula.
Ez dago oso hedatua WhatsAppeko «istorioak» edo «status»ak (halaxe deitzen die Facebookek) erabiltzea: ez dago datu ofizialik, baina badirudi ez dutela arrakasta handirik izan.
Hori bai: kontuz ibili, noizbait zerbitzu horiek erabili nahi badituzu, oso erraza baita norbaitek zure kontaktu guztiekin partekatzen dituzun argazki eta bideoak eskuratzea zure baimenik gabe.
Artikulua hemen.