Izan ere, geroz eta gehiago dira sareetan euskararen aldeko apustua egiten dutenak, baina sarritan sakabanatuta egoten dira, bilaketa eta ikusgarritasuna zailduz. Sarean euskaraz dauzkagun aukera guztiak batzeko zerbaiten beharra zegoen eta gabezia horren aurrean sortu da biltegi hau.
Edozeinek sortutako baliabideak daude bertan: administrazio, erakunde, elkarte, enpresa zein norbanakoenak. Edukiak edonorenak diren bezala, edonork erabili ahal izango ditu. Hainbeste errekurtso teknologiko izanda, bilatzaile ahaltsu bat du Sareak. Bilaketa egiterako orduan, baliabide motaren arabera zerrendatu daitezke biltegiko edukiak. Webguneak, aplikazioak, softwareak, pluginak, audioak eta bideoak aurki daitezke orrialde honetan.
Sistema edo formatuaren arabera bilatu ahalko da, Chrome, Edge, Firefox edo Safarirako baliabideak interesatzen zaizkizun adieraziz. Gaika ere egin ahalko da bilaketa, non atal ugari dauden: aisialdia, aktualitatea, argazkigintza/bideogintza, bizitza, dantza, hedabideak, herriak, hezkuntza, historia, hizkuntza, IKT, kultura, sare sozialak eta zientzia.
Erabileraren arabera ere bilatu ahalko dira baliabideak eta kasu honetan honako hauek dira atalak: gazteentzat, hiztegia, jokoa eta tutoriala. Onartu behar da mugikorrek sekulako garrantzia dutela gure bizitzetan. Internetera egiten diren sarreretako asko smartphonetik zein tabletetatik egiten direnez, Sarea horretarako ere prestatuta dago. Bere diseinua ordenagailuetan erabiltzekoa izateaz gain, mugikorretarako ere pentsatuta dago.
[Web orri hau CodeSyntaxek garatu du; orrialdearen diseinu eta arlo teknikoa lantzeaz arduratu da].
Biltegia irekia, anitza eta dinamikoa da, etengabe eguneratzen dena. Baliabide berriak sartzeko aukera ematen du. Hutsune bat somatuz gero, proposamenak egin ahalko dira web orrialdetik bertatik. Ondoren, Azkue Fundazioaren onespena jaso eta biltegira batuko da.
Hemen da euskarazko baliabideen bilaketa egiteko modu erraz eta azkar bat!