Hodeia...

Erabiltzailearen aurpegia Azkue Fundazioa 2018ko mar. 21a, 11:33

Zer da hodeia? Nola da posible horrenbeste datu gordetzeko ahalmena eskaintzea? Zer dago “hodeia” hitzaren esanahi berri horren atzean? Zeintzuk dira hodei-biltegiratzearen abantailak eta desabantailak? Non dago hodeia?

Gaur egun ohikoa da gure hainbat argazki, bideo eta dokumentu hodeian gordetzea. Telefono mugikorretatik hasita, tabletek, ordenagailu eramangarriek edota mahai gaineko konputagailuek ere balio izango digute edozein formatutako dokumentuak hodeira igotzeko.

“Hodei konputazioa edo cloud computing interneten bidez konputazio zerbitzuak eskaintzea ahalbidetzen duen teknologia bat da. Hodeia internet adierazteko metafora bat da”  euwikipedian agertzen den definizioaren arabera.

Datuak hodeian gordetzea datuak Interneten gordetzea baino ez da.  Interneten datuak transmititzeko abiadura handitzeak, hau da, banda-zabalera handitzeak, azkartu zuen teknologia horren garapena; aldiz,   sare sozialen heltzearekin batera etorri den zerbitzuon erabilera esponentziala da. Hainbat enpresak beren prozesamendu-zentroetako zerbitzarietan gure datu informatikoen biltegiratze masiborako eskaintzen duten zerbitzuari esaten zaio hodei-biltegiratzea.

Eta hainbat enpresa dago zerbitzu hori eskaintzen duena. Batzuek, dohainik, baina, gehienek, ordainduta.  Enpresen biltegiratze-baliabideak fisikoki munduko edozein lekutan kokatuta egon daitezke, Internetera konexio on bat duten bitartean. Baliabide horiek, gehienetan, hainbat zerbitzari fisikotan banatuta egongo dira, eta enpresa bera izango da, beharren arabera, gordetze-ahalmen gehiago erosteaz arduratuko dena. Beraz, erabiltzaile gisa dagokigunez,gordetze-ahalmen infinitua daukagula pentsa genezake.

Hodei-biltegiratzearen abantailak:

  • Datu-biltegiratze  ahalmen “infinitua”.
  • Datuak  edozein une eta kokapen geografikotatik atzi daitezke.
  • Enpresa, eta ez erabiltzailea,  arduratuko da bai software bai hardwarezerbitzuak mantentzeaz.
  • Biltegiratze-sistema eskalagarria da, hau da, hodeian kontratatutako biltegiratze-espazioa erraz alda daiteke bezeroaren beharrak handitu edo gutxitu egiten badira.
  • Zerbitzua milaka edo milioika erabiltzaileren artean partekatzen denez, ekonomikoki  merkeagoa da.

Hodei-biltegiratzearen desabantailak:

  • Internet-konexiorik gabe ez dago hodeian gordetako datuak atzitzeko aukerarik.
  • Pribatutasun falta, datuak beste batzuen eskuetan baitaude,  munduko edozein tokitan.
  • Informazioa norbere esku ez egoteak, gainera,  jabetza intelektualarekin ere arazoak ekar ditzake, lapurretak direla-eta.
  • Informazioa munduko edozein tokitan egon daitekeenez,  estaldura juridikoa zailtzen du, kasu batzuetan ez baitago oso argi zein herrialdetako legedia aplikatu behar den.
  • Datuak berme guztiekin ezabatzea ezinezkoa da, datu-sarbidearen gaineko erabateko kontrola ez baitaukagu.

Beraz,  hodei-biltegiratze zerbitzu bat kontratatzerakoan komeni da zerbitzua hornitzen duen enpresak  segurtasun –eta pribatutasun– bermeak eskaintzea, datu-babeserako legedia egoki aplikatzen duen herrialde batean kokatuta egotea eta, azkenik,  zerbitzariak herrialde seguru batean kokatuta edukitzea. Enpresa edo zerbitzu erabilienen artean, egun, Dropbox, Google Drive, iCloud edo Onedrive aipatuko genituzke.