Euskarazko Wikipedia 300.000 artikulutara iritsi da

Erabiltzailearen aurpegia Azkue Fundazioa 2018ko uzt. 18a, 13:25

300.000 artikulurekin, euskarazko Wikipedia 31.a da artikulu kopuruan, turkieraren atzetik. 10. hizkuntza da hiztun/artikulu kopuruan. Baina 50.a Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen luzeraren arabera.

Euskarazko Wikipediak 300.000 artikuluen muga gainditu du. Hainbat wikilarik azken bi asteotan landutako artikulu berezia izan da 300.000. artikulua: euskararen jatorria. Artikulu mamitsu honetan euskararen jatorriari buruz esan direnak laburbiltzen dira, teoria ezberdinak ahalik eta hoberen aurkezten. 133 erreferentzia bibliografiko dituen lana da, eta inprimatuz gero 21 orrialde hartzen ditu. Ikus irudian nola geratzen den. Artikulu kontaketa nola doan, eta beste estatistika batzuk, orrialde honetan ikusten dira. 300.000.a etorri bazetorrela ikusita, apropos sinkronizatu da artikulu berezi bat izan zedin marka egingo zuena. Wikipedistek elkarlanerako darabilten Txokoan koordinatu izan da lana azken bi asteetan.

“Euskararen jatorria” 12-16 urteko ikasleek behar duten artikuluen zerrendan zegoen. Kalitate handiko artikulu hau gehituz, milaka ikaslek informazio hobea izango dute funtsezko gai bati buruz.

Harrigarria badirudi ere nazioarteko 296 hizkuntzen artean 31. postuan dago euskarazko Wikipedia, artikulu kopuruari dagokionez, beraz, badirudi eduki aldetik ez dela hain pobrea. Baina Wikipediaz aparte, beste erraminta eta aukera ugari ditugu Wikimediaren barruan, jakintza eta edukiak partekatzea ahalbideratzen digutenak; hala nola,Commos, Wikialbisteak, Wikidata edo OpenStreetMap. Jende askoren ahaleginarekin euskaraz erabili ditzakegu.

Proiektu hau martxan jarri, aurrera atera eta kudeatzeko Euskal Wikilarien Kultura Elkartea sortu zen. Euskal hizkuntza, kultura eta jabetza unibertsala ardatz izanik, giza ezagutza guztia euskaraz jartzeko asmoarekin ekin zioten proiektuari.

Oso garrantzitsua da ahalik eta artikulu gehien izatea euskaraz, baina horrez gain, jauzi kualitatiboa ere behar beharrezkotzat du Wikilarien elkarteak. Hori dela eta, bilera ugari egin dituzte erakunde eta instituzioekin, hitzarmenak sinatu dituzte proiektua aurrera eramateko eta wikilari egoiliarrak sartu dituzte kultura erakundeetan. Unibertsitateekin ere badabiltza lanean, baina  oraindik asko dugu hobetzeko, beraz, animatu eta eman izena!