Kode-poesiari buruzko laborategiak egingo dira Bilbon, Donostian eta Gasteizen

Erabiltzailearen aurpegia Azkue Fundazioa 2019ko ira. 19a, 13:03

PuntuEUS Fundazioak Kode-poesiari buruzko hiru laborategi antolatu ditu Bilbon, Donostian eta Gasteizen, Azkue Fundazioan, Hirikilabs eta Oihanederrekin elkarlanean.

 

PuntuEUS Fundazioaren arabera, “Kode-poesia programazio lengoaiak erabilita idazten den olerki mota bat da. Kode-poesiaren helburu nagusia idatzitako kodearekin olerki bat osatzea da, aukeratutako programazio lengoaian. Programatzearen helburu nagusia funtzionatzen duen produktu bat (mugikorrerako aplikazioa, webgunea, etab.) garatzea izan arren, kode-poesian horrek ez du (hainbesteko) garrantzirik. Sortutako olerkia, olerkia izateaz gain, funtzionatzen duen programa bat izan daiteke, baina ez da beharrezkoa”.

Hori guztia aintzat hartuta, poemak sortzen dira, edozein gairen ingurukoak. Hizkuntzaren harira, programazioan ingelesezko hitz-gakoak erabili ohi dira, baina euskaraz ere idatz daitezke. Eredu batzuk ere plazaratu ditu PuntuEUSek.

Hala, irailaren 28an, Donostiako  Tabakaleran egingo da, 17:00etatik aurrera, Hirikilabsekin lankidetzan; urriaren 2an, Bilbon dagoen  Euskararen Etxean, 17:00etan, Azkue Fundazioarekin elkarlanean; eta azkenik, urriaren 8an, Gasteizko Ohianederren, 18:30ean. Izena emateko epea zabalik da.

Hiru laborategiak Bertol Arrieta Kortajarenak (Zarautz, 1975) zuzenduko ditu. “Informatikaria eta idazlea bera, hizkuntzaren prozesamendu automatikoa xede duen IXA taldean aritu da ikerkuntza-lanetan hainbat urtetan. Bertsoak automatikoki aztertzea eta sortzea izan da bere azken eginahaletako bat”.