Paradoxa horrek azalpen erraz bat du: 5G sareak eraginkorragoak dira trafikoagatiko kontsumo-ratioan —askoz ere energia gutxiago behar dute 4G-ren datu berak transmititzeko—, baina haien banda-abiadura eta-zabalera handiagoaren ondorioz, nabarmen handituko du gailu bateragarrien kontsumoa.
Kontsumo-hazkunde horrek ez dio gehiegi eragingo gailu mugikorren edo tableten autonomiari, baina bai IoT-rekin (gauzen Internet) lotutako gailuei; hots, etengabe informazio asko transmititu behar duten eta sare elektrikora konektatuta ez dauden sentsore askori. Adibidez, zaintza-kamerak, konektatutako autoak edo gailu medikoak, hala nola, Interneteko konexioa duten taupada-markagailuak.
Hala, 5G sareetara konektatutako gailu, objektu eta sentsoreen hazkunde esponentzialak, bere abiadura banda-zabalera handiagoak, MIMO antenen hedapen masiboak (Multiple-input Multiple-output) eta small cells-en ugaritzeak areagotu egingo dute 5G sareen energia-kontsumoa termino absolutuetan. Oinordetutako sareen euskarriek ere —LTE/4G, 3G eta 2G— eragin nabarmena izango dute.
Egoera horren aurrean, bidezkoa litzateke pentsatzea konponbidea urruneko gailuen baterien ahalmena handitze dela. Halere, elektrizitate-metagailuen teknologia ez dago 5G-ak planteatzen duen energia-egoera berriari aurre egiteko bezain garatua; beraz, ez da alternatiba eraginkorra.
Aukera bat bateriak gero eta denbora gutxiagoan aldatzea litzateke, edo bateria handiagoak erabiltzea, baina, gainerakoan, ez dirudi aurrerapen handirik izango denik bateria-teknologia berrietan.
Eragozpen hori gorabehera, telekomunikazioen sektoreko adituen arabera, ez da gai kezkagarri bat, 5G-a apurka-apurka ezarriko baita. Hala, dagoeneko aplikatzen ari dira energia-irtenbideak kontsumoaren igoera hori arintzeko, eta ez die eragingo aurreko teknologia mugikorren belaunaldiekin funtzionatzen duten dispositiboei.
Soluzioak
5G teknologiaren pixkanakako ezarpenak aukera emango dio telekomunikazioen sektoreari apurka energia-soluzio desberdinak ezartzeko, kontsumoa murrizteko edo bateriak elikatzeko elektrizitatea eskuratzeko. Horietako batzuk eraginkorrak direla frogatu dute, beste batzuk ikertzen eta garatzen ari dira.
Igoera hori arintzeko, 5G eta IoT belaunaldi berriko komunikazio-estandar gehienetan bi aukera proposatu dira. Lehenbizikoari energy harvesting deritzo; mekanismo horren bidez, gailuek beren bateriak kargatu ditzakete, inguruan sobratzen den energia elektromagnetikoa bilduz. Bestea protokolo berriak garatzea da, gailuei denbora batez “lotara” joateko aukera ematen dietenak, eta une jakin batean bakarrik esnatzen direnak Internetera komunikatzeko.
Sare alternatiboak
Ingurutik energia lortzeko edo kontsumoa murrizteko soluzioez gain, 5Gren ordezko sareak ere beste aukera bat dira: funtzionatzeko elektrizitate gutxi behar dute, nahiz eta muga batzuk dituzten telefonia mugikorreko bosgarren belaunaldiari dagokionez.
Horietako bat Low Power Wide Area (LPWA) -Azalera Zabaleko Kontsumo Txikia- da: azalera handia estaltzen duten baina informazio kopuru handia transmititzen uzten ez duten potentzia txikiko haririk gabeko sareak dira.