Osakidetzak adimen artifizialean oinarritutako tresna izatea espero du udazkenean, interneten ahotsaren eta eztularen bidez COVID-19 kasuak antzemateko. Proiektua duela pare bat aste jarri zen martxan, Murtziako Biometric Vox konpainiarekin batera.
Gaixotasunak hasieratik eragiten die goiko arnasbideei, eta fonazio-aparatuari eragin diezaioke; beraz, teknologia horrek garrantzi berezia izan lezake hasierako kasu asintomatikoak atzemateko orduan, test azkarrek eta PCRek erabilgarritasuna eta aplikagarritasuna galtzen baitute.
Gainera, ikerlana azkar egingo da populazio-mailan, eta emaitzak berehala egongo lirateke eskuragarri. Sistema horren bidez, fonazio-aparatuaren egoera aztertuko da, eta, ondorioz, kutsatze-kasuak detektatzen lagunduko du; hori guztia urrutitik, kontaktu fisikorik gabe eta denbora errealean. Horretaz gainera, osasun-langileak babestuko ditu kontaktu fisikoak sor ditzakeen arriskuak ezabatuz.
Nola funtzionatzen du?
Biocruces Bizkaiak azterlana garatu eta balioztatuko du, eta gaixoen ahotsak grabatuko ditu, bai eta pertsona osasuntsuenak ere. Ondoren, sistema entrenatuko da, COVID-19 duten pertsonak detektatzeko gai izan dadin.
Ondoren, informazio guztia bildu eta, irizpide medikoen arabera, ahots-laginak taldeka sailkatuko dira, berariazko sintomatologiaren arabera. Sintomatiko larri, sintomatiko arin, asintomatiko eta osasuntsuen arteko 100 pazienterekin baliozkotuko da. Hala, ahotsetan adimen artifizialeko teknologia aplikatuz egingo den azterketa algoritmiko baten bidez, ahots bakoitzean patroi erabakigarriak bereiziko dira.
Biometric Vox-ek garatutako teknologia ahotsaren 100 parametro morfologiko eta fonetiko baino gehiago neurtzeko gai da. Horrela, ezaugarri horiek guztiak sakon analizatuta, konpainiak aztertuko du hiztunaren fonazio-aparatuan aldaketarik izan den birus-infekzio horren ondorioz.
Proiektu horrek aplikazio bat garatuko du, azken berrikuntza teknologikoen bidez, herritarrei kutsadura-indizearen berri emateko. Lehenik eta behin, Biometric Vox-ek webgune bat prestatu du ospitalean erabiltzeko, eta Windows, iOS edo Android-eko edozein gailu elektronikotatik sartu ahal izango da, botoi batekin eta gaixoak esan beharko duen testu batekin. Halaber, COVID-19ari buruzko galdetegia beteko da, irizpide medikoen arabera.