Telekonferentziak: Google Meet eta Jitsi euskaraz

Erabiltzailearen aurpegia Azkue Fundazioa 2020ko mai. 11a, 18:42

Google Meet telekonferentzia sistema dohainik erabiltzeko aukera zabaldu du Googlek; sistema euskaraz dago. Bestalde, Bilboko  Irontec enpresak Jitsi sistemaren euskarazko bertsioa egin du, eta erabilgarri dago: meet.irontec.com.

Sustatu webguneak jakinarazi duenez, Google Meet telekonferentzia sistema dohainik erabiltzeko aukera zabaldu du Googlek. Halaber, sistema euskaraz dago, interfazeari dagokionez, “bere aukeretako batzuk ez diren arren euskarara moldatu (azpidatzi tresna aktibatuz gero, euskara ingelesa balitz bezala analizatzen du)”.

“Googlek badu beste telekonferentzia sistema bat, Hangout, sinpleagoa, mugikor zein PC bertsioetan. Telefonoko app-eko bertsioa, bereziki, Whatsapp-en oso antzera dabil bideo-deiak egiten jardutekotan. Hori ere euskaratuta dago, pantaila irudi honetan ikus dezakegun moduan”, azaldu du Sustatuk.

Bestalde, Bilbo inguruko Irontec enpresak jakinarazi digu Jitsi sistemaren euskarazko bertsioa egin duela; haien cloud azpiegitura propioan muntatu dute (Sustatuk ere jaso du albistea).

Irontecen arabera, “oraindik aurrera, nahi duenak (enpresek, administrazioek, ikastetxeek, unibertsitateek, lagun-taldeek, familiek, etab.) “Irontec Meet” erabil dezakete, denbora mugarik gabe eta edozein gailutatik”. HDn bideo-deiak egiteko beste aukera interesgarri bat da.

Jitsi Meet plataforma irekia eta doakoa da. Hasieran Atlassian enpresak garatu eta askatu zuen, eta 8×8 enpresak erosi 2018an, irekita mantentzeko eta etengabe garatzen eta hobetzen jarraitzeko konpromisoarekin.