Hartara, ez da beharrezkoa PC baten mende egotea edizio-lan itxurosoak egiteko, izan ere, zenbait programa zuzenean exekutatzen dira webguneetan, edo primeran funtzionatzen dute mugikorrean; gainera, doakoak dira.
Argazkiak editatzeko
Photoshop-en klonik arrakastatsuenetako bat da Photopea. Online da, eta lehen azpimarratu dugun bezala, doakoa. Klonatzen duen programaren antzera, RAW, PSD eta beste formatu batzuetan aritzeko ahalmena dauka. Interfazea oso antzekoa da, eta geruzekin lan egiteko aukera eskaintzen du.
Picozu-k ere web-ean funtzionatzen du, eta, nahiko oinarrizkoa izangatik ere, filtroak erabiltzeko edo interfazea aldatzeko osagarriak instalatzeko aukera eskaintzen du.
Sumo aplikazio-multzoari dagokionez, argazkiak editatzeko sumopaint eta sumophoto eskaintzen ditu. Aldea da lehena bertsio hedatua dela, tresna eta aukera gehiagorekin; bigarrena, berriz, editatze azkar baterako erabil daiteke, mozteko, doitzeko eta gehixeago egiteko.
Pixlr web-bertsioan erabiltzeko nahiz mugikorretan instalatzeko aukera dago, eta edizio-aplikazio erabilienetako bat da. Photoshop-en antzeko interfazea du, eta doikuntza-geruzekin funtzionatzen du.
Bideo-editoreak
Zerrenda hau PCrako programa batekin hasiko dugu: Avidemux, software librekoa, alegia, doakoa da. Halaber, kodea irekia da, norbaitek gauzak aldatu edo akatsak bilatu nahi baditu ere. Horretaz gainera, Windows, Mac eta Linux-en bertsioak daude. Aplikazio oso konpletoa da: azpitituluak gehi daitezke, bere filtroak ditu eta bateragarria da hainbat bideo-formaturekin.
Shotcut ere kode irekia da, eta ia edozein sistema eragiletan funtzionatzen du. Haren indarguneak hauexek dira: ia edozein audio- eta bideo-formatu onartzen ditu, streaming eta webcam erabiltzeko egokiad a eta 4K formatuan aritzeko ahalmena dauka. Haatik, ez da guztiz intuitiboa bideo klasikoko editore batekin lan egin ez duen erabiltzaileentzat, baina merezi du harekin lanean hastea, hainbat aukera eskaintzen baititu.
OpenShot Video Editor, aurrekoak bezala, kode irekia eta plataforma anitzekoa da. Ur-markak, azpitituluak eta 3D efektuak gehitzeko aukerak ditu, eta oso intuitiboa, ez da denbora askorik behar ikasteko. Hauexek dira eskura ditugun beste editore batzuk: Veed, WeVideo, eta Windows Movie Maker.
Azkenik, audioa editatzeko badira hainbat baliabide interesgarri, besteak beste, Zencaster eta Sumotunes.