Mugikorra komunera, bainuontzi batera edo igerileku batera ustekabean erortzea oso esperientzia frustragarria da. Halere, badira mugikorra berreskuratzeko aukera batzuk, betiere, erabiltzaileak egoki jokatzen badu. Azken belaunaldiko gama altuko mugikor gehienek badute ziurtapenen bat urarekiko erresistentzia handiagoa edo txikiagoa eragiten duena, baina horrelako istripu batek gailua (eta haren eduki guztia) honda dezake, bai eta bermearen amaiera arindu ere. Azken horri dagokionez, hezetasunarekiko sentikorrak diren detektagailuak dituzte mugikorrek, eta horiek ohartarazten dute gailua urarekin kontaktuan dagoela. Baina, esan bezala, gertaera horrek amaiera zoriontsua izan dezake behar bezala jokatzen bada.
Egin behar ez dena
Lehenik eta behin, ez saiatu pizten, nahiz eta sarritan erabiltzaileari bururatzen zaion lehen aukera izan: funtzionatuko du ala ez?. Halere, murgilaldi bat jasan duen mugikorra erreskatatzeko une kritikoan, burua hotza eduki behar da, botoirik ukitu gabe, eta, jakina, ez saiatu pizten. Zergatik? Urperatutako mugikor bat piztean zirkuitulaburrak eragin ditzake, eta, ondorioz, zailagoa da konpontzea. Ez hori bakarrik, betirako honda daiteke.
Lehorgailua ere ez da erabili behar (ezta labea ere, sarean irakur daitekeenez). Erabiltzaile desesperatu batek ile-lehorgailu bat erabil dezake prozesua azkartzeko. Ez da gomendagarria bi arrazoirengatik: aire-zorrotadak zirrikituetan dauden ur-tantak zirkuituetan gehiago sartzea eragin dezake, eta egoera okertu. Gainera, beroak elektronikaren barne-osagaiei eragin diezaieke.
Arroza lehortzeko erabiltzea ere ez da ideia ona. Printzipioz, ideia ez da zentzugabea, arrozak propietate lehorgarriak ditu, baina gailuaren kanpoaldeko geruzetan baino ez luke eragingo, eta barneko osagaiek hezetasuna mantendu egingo lukete. Osagai horiek, ekipoa piztutakoan, modu konponezinean kaltetu daitezke. Adituek ez dute praktika hori gomendatzen, arroza hezetu eta mugikorrera atxiki baitaiteke, albo-kalteak eraginez.
Egin beharrekoa
Lehenbizi uretatik atera. Horrelako gertaeretan, erantzuna azkarra izatea funtsezkoa da. Mugikorra komunaren hondotik edo igerilekutik uretara erori bezain laster kentzen badugu, arrakasta izateko aukera handiagoa izango da. Gailua hainbat orduz urpean egon bada, nekez itzuliko da.
Ondoren, SIM txartela eta, ahal bada, bateria kendu. Mugikorra uretatik atera ondoren, ahalik eta azkarren lehortu behar da. Horregatik, babes-zorroa kentzea gomendatzen da, eta gailuak uzten badu, bateriarekin ere gauza bera egitea gomendatzen da. Halaber, komeni da memoria-txartela kentzea (mugikorrak badu), azkarrago lehortzeko.
Hurrengo urratsean, trapu batekin lehortu behar da, ahalik eta hezetasun gehiena kendu arte. Ataken eta gainerako zuloen kasuan, putz egin leunki, bertan dauden tantak kendu arte. Azken urrats hori leunki egin behar da, ura oraindik gehiago sar ez dadin gailuaren barruan.
Beste ideia on bat: silize-poltsekin bol batean sartzea. Hezetasuna saihesteko produktu jakin batzuekin batera erabili ohi diren hezetasunaren aurkako poltsatxoak. Adituek poltsatxo horiek arrozaren ordez erabiltzea gomendatzen dute, gailuaren hezetasuna kentzeko, baina hiru gauetan jarri beharko da ontzian, eragina izan dezan. Poltsatxo horiek Interneteko denda nagusietan eros daitezke.
Aholku horiek lehen laguntzatzat har daitezke. Baina murgilaldi bat izan duen mugikor bat berreskuratzeko komeni da gailua laguntza teknikoko zerbitzura edo konponketa-enpresa batera eramatea, tresna egokiak baitituzte urperatutako mugikorrak berreskuratzeko.