Berria egunkariaren webgunean jasotzen denez, EITBko zuzendari nagusi Andoni Aldekoak Eusko Legebiltzarrean iragarri du ikus-entzunezko plataforma bat sortuko duela. Ez da euskara hutsean izango, eta ez da soilik EITBrena izango. “Euskal Herrian sortzen diren ikus-entzunezko lan guztiak, filmak, dokumentalak eta bestelakoak ikusi ahalko dira bertan. Ez da EITBrena izango, baizik eta euskal plataforma bat”.
“Plataforma digital handi bat” izango dela iragarri du EITBk, eta 2022an abiatuko dutela, “Euskadin sortzen den ikus-entzunezko ekoizpen guztia bilduko du”.
“Apustu estrategiko eta berritzailea” izango dela esan du Aldekoak. “‘Euskal Netflix bat’ garatu nahi dugu, euskal gizarteari eskaini eta biltzeko; halaber, nazioarteko leiho bat izatea nahi dugu, eta ez soilik EITBren ikus-entzunezko ekoizpena kontsumitzeko aukera eskaintzea, baizik eta Euskadin sortzen diren euskal filmak, telesailak, dokumentalak, ikuskizunak eta kontzertuak ere”, azaldu du.