Bziber lehiaketa, TikTok sarean oinarritu den euskara hutsezko lehen lehiaketa da. Gazteek biziki erabiltzen dituzten sareetan euskarazko edukiak sortzea du helburu, baita erreferente euskaldunak indartzea ere.
Azkue Fundazioak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak lankidetzan antolatutako aurreko hiru edizioen harrera ona ikusirik, lehiaketa berriro ere martxan jarriko da abenduaren 28tik urtarrilaren 5era bitartean, gazteen Gabonetako oporraldiarekin bat eginez.
Euskaraz dakien 11 eta 16 urte bitarteko gazte orok parte hartu ahalko du ekimenean, jatorria edozein dela ere. Parte hartzeko Bziber Lehiaketaren Instagram eta TikTok kontuak (@bziber_lehiaketa) jarraitu eta erronkak igotzearekin nahikoa da.
Edizio honetan, gainera, diasporako gazteen artean zabaltzeko ahalegin berezia egingo da.
Halaber, edizio honetan modu pribatuan parte hartzeko aukera ere izango da, bideoak publiko egin gabe.
Edurne Azkarate aktore eta lehiaketaren gidariak TikTok sarean Gabonekin lotutako 4 erronka botako dizkie gazteei, proba horiek gaindi ditzaten, nahi duten moduan.
Edurnerekin batera, gazteentzako erreferente diren hainbat lagun eta tiktoker arituko dira probak zabaltzen sareetan, tartean, Goazen! telesailean Juneren papera antzezte duen Lorea Intxausti @lorea_intxausti, Goazen! telesailean Markelen azalean sartzen den Asier Burgete @asierburguete0 eta @libebeitia tiktoker-ak ere.
Gazteek teknologiarekin lotutako sarien zozketan parte hartzeko aukera izango dute. Proba edo erronka bakoitzeko bi saritu suertatuko dira, hau da, guztira 8 irabazle izango ditu lehiaketak. Irabazle bakoitzak 100 euroko balioa duen saria jasoko du: sareari eta teknologiari lotutako TikTok kutxa (argi gurpila eta kroma egiteko tresnak) eta Bziber markako arropa.
Lehiaketaren lehenengo edizioa 2020ko uztailean gauzatu zen, udako oporraldiekin batera. Bigarren edizioa 2021eko neguko oporraldian burutu zen, eta, azkenik, hirugarrena, 2021eko Aste Santuan. Hiru edizio horien ondorioz izandako harrera onaren ondorioz, laugarren edizioa abiatuko dugu 2021eko Gabonetan, izan ere, ekimenaren inguruko komunitate handia sortu da sareetan.
Lehiaketari buruzko informazio guztia, hemen.
Harremanetarako: info@azkuefundazioa.org