“Ahots Planetaren 2. atalean, Garazi Albizua eta Idoia Carramiñana, Leire Bilbao idazle ondarrutarraren Etxeko urak poema liburuaren inguruan arituko dira solasean, testuaren aipamenak eginez eta ikuspegi feminista batetik aztertuz. Izan ere, lan honetan Leire Bilbaok ez du ez amatasunaren esperientzia idilikoa agertzen, ezta horren ukazioa egiten ere. Baizik eta barne-begirada batetik abiatuta, amatasunak dakartzan pozak eta minak erakusten ditu bere gordinean”.
Urtzi Urkizu @urtziurkizu kazetariak, Carramiñana eta Albizua elkarrizketatu zituen Berria egunkartian, podcastaren lehenengo alearen harira: Carramiñanak eta Albizuak ikastaro bat egin behar zuten, baina ez zuten topo egin orduko hartan. Formakuntza «beste modu batean” egitea pentsatu zuten orduan. Albizuak zera dio: “Feminismoak lotzen gaitu. Eta, podcastak bogan daudela eta, pentsatu genuen literatura feminista oinarri duen podcast bat sortzea, eta idazleen elkartekoei bidali genien proposamena”. Ezustekoa hartu zuten, handik aurrera baiezkoak iritsi baitziren. Euskal Idazleen Elkartearena, Azkue fundazioarena eta, haren bitartez, Ulu Mediarena, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren diru laguntza ere bai. Lehen atala entzungai dago gehien erabiltzen diren podcast plataformetan. Irakurri artikulu osoa.