Hilabetero Uriolan idaztea eskatu zidatenean, Trenton bizi nintzen eta bidaiatzeko grina oso presente nuen (lanaren grinaren kaltetan, noski) eta hori Bilborekin nola uztartu pentsatzen ibili nintzen.
Hasteko eta bat, Begoña Altuna naiz, hizkuntzalaria eta, nire argazkiaren azpian esaten duen moduan, ordenagailuen euskara irakaslea. Iaz Prest! aldizkarian idatzi nuen denborari buruz, denbora baita nire doktoretza-tesiaren gaia. Oraingoan, ordea, lekuekin eta distantziekin zerikusi handiagoa duen proiektu berri batekin nator.
Hau da emaitza: Bilbori buruz hitz egingo dut distantziak ematen duen perspektibatik, edo kanpoko gauzez hitz egingo dut Bilboko ikuspuntutik. Gehienetan Donostia sartuko dut ekuazioan, bizitzak hona ekarri baininduen orain dela hiru urte eta Bilbo-Donostia konparaketan ia beti Bilbok irabazten baitu. Zehaztu behar dut ni deustuarra naizela, inork galdetzean deustuarra dela esaten duen horietakoa, baina irakurleak irabazte aldera, nire gogoetak Bilbora zabalduko ditut; suposatzen dut ez garela hain ezberdinak.
Kanpamentu nagusiak PESA autobusaren bi muturretan jarrita baditut ere, askotan Bidasoa igarotzen dut, Leitzaraneko bistez gozatzen dut, Altuben izozten naiz edo Saltacaballoko radar berria zehazki non zegoen gogoratzen saiatzen naiz. Hau da, bidaiatzea gustatzen zait, gehien bat lekuen historia eta kultura ezagutzeko. Kultura zentzu zabalean hartzen dut eta tokikoekin parranda egitea ere esperimentu bihurtu izan dut.
Guztioi gertatzen zaigun bezala, ordea, Bilbokoaren/Deustukoaren begietatik ikusten ditut leku berriak eta hori profitatuko dut zutabe hau idazteko. Harrituko nauten gauzak, pentsatzeko modua aldatuko didaten esperientziak, Bilbon gauzak ondo egiten direla gogoratuko didaten erabakiak... horiei eta gehiagori buruz idatziko dut.
Orokorrean hori izango da nire lan-ildoa, baina salbuespenak ere egongo dira. Batzuetan Bilbotik eta Bilbori buruz idatziko dut eta beste batzuetan esan gabe utzi ezin ditzakedanak botako ditut, zutabearen senetik aterako badira ere. Espero gozaraztea, gogoeta piztaraztea eta kontu berri eta interesgarriak eskaintzea.